Tomas Agirre, «Barrensoro»

 

GAZIGOZOAK

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Iturria: Gazigozoak, Agirre'tar Toma (Barrensoro). Verdes-Atxirika, 1933.

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00301.htm

 

 

AGIRE'TAR TOMA

(BARRENSORO)

 

GAZIGOZOAK

 

Gayak:

«LORETI» (maitasun-edestia);
irakurgai ariñak;

irudipen-jolasak;
eta idazlanak

 

BILBAO

VERDES-ATXIRIKA'TAR E.-RENEAN

Bidaikale, 9

1933

 

 

AURRE-ITZA

 

       Jatorriz dira gizonak jakitearen eta irakurtzearen zale. Egurastaldikoan ere irakurgayetara doaz geyenetan. Atsegiñaren bila. Jolasbidetzat.

       Gai ariñak nai izaten ditue olakoetan. Irudipen-lan loratsuak. Ez idazti astun nekagarriak. Ez legar-tartean belaunak urratuz ibilli bearrekoak. Edestiak, ipuñak, kondairak eta gertiduriak ditue atsegiñen.

       Erderaren barrutira doakiguz maiz gure irakurleak. Sail medarrekoa baita euzko-elertiaren barrutia. Lipar baterako beste ez izan euzkel-belardietako larrea. Ortixek darakarkio erderak gure mintzaerari kalterik aundiena. Antzokietan, zineetan eta gertirudietan erdera, erregingai apañaren gisan agertsen yakun bitartean, lotsati ta kikil jokatzen da euzkera.

       Gaitasunik ez al-dau, ba, gure ele onek nunai aurpegi dirdaitsuz eta urrezko soñezkoz andere azaltzeko? Ez al-legike gureak beste edozein elek dagikeana? Bai, bein. Geurok dogu euzkeraren zarpiltasunaren ogena. Euzkel-idazleai dagokie elerti-bideetan barrena izkuntza eskutik txairo eruatea.

       Gaurko irakurleen agoak idazkera giarra eskatzen dau. Bai ere, ordea, zailua. Buruari neke larririk sortu-arazi gabe, biotza biziki zastatzen dauna. Irakurlearen jakinmiña ase arte, gogoa gainbera irristaka daruana. Orrenbeste ba-dagikee gaurko euzkel-idazleak, nik uste.

       Urri airan oraintsu euzkel-idazlanen irakurleak. Ugaritu dira. Geroago ta geyagotuz doaz, gañera. Idazleak ere erne diardue lanean. Amaika idazti eder argitaratu ditue lengo urtean. Orratio, egin dabena baño geyago da dagikeena.

       Nire semetxoa da gaur argira ausarta datorrana. Adiskide zintzoen esanak aizatu dau. Ez uste, ajolagabe datorranik. Ba-dakar biozpean bildur-kiliaren zimikoa. Gaurko irakurleak aosapai minbera dabe. Makarrak eta baltzuneak bereala oartzen dituana. Antola, bada, nora, oan, semetxo.

       Or doakizu, irakurle, nire lenengo kutuna. Arrera maitekorra ba-dagiozu, ez da azkenengoa izango.

 

 

LORETI

(MAITASUN-EDESTIA)

 

 

I
GAZTELU ZURIKO ANDERETXOA

 

       Menditarteko zokondo zabal batean itxasaldera luzatuz doa Irizar. Uriaren biotzetik asko urrindu barik, itxasora bidean ezkerretera, gaztelu eder bat begiztatzen dau bidaztiak. Iru torre ditu. Zuriz jantziak irurak. Atetiko orma guztiak ere zuriaren zuriz, ez ete-dira edur-autsez zurizkatua? Orzkabietan, eguerdiko eguzkiaren galdapean, leyarrezko jauregia dirudi. Ainbesteraño dizdiztatzen da!

       Oraindik urte asko ez dirala, zaldun aberats bat iritxi zan urira. Oi, Irizar-eko atso berriketariak! Bai dozubezala min gaiztoak. Aterik ate atsoak iñoenez, dirutza izugarria ekarran zaldunak Amerika-tik Gizon baltzen salerosketan irabazia. Osasun barik etorran, ordea. An jasaniko zikoizkeriak eta baraurrak nolabaitan gozatu nairik eregi eban gaztelu zuria. Alarguna zan. Bere alaba bakarraz beste, ez eban lagunik. Zokokeriari zearo emana zan. Bakartia. Gazteluaren eskuiko dorre-goenean emon oi eban astia luzaroan eguzkiari ta itxasoari buruz. Gaitzak batpatean oro gainditu eban eta il zan.

       Aren alaba bakarrarentzat izan zan ondare ugaria. Loreti-rentzat. Umezurtz lotu zanez geroztik, amaika zaldun gazte igaroak ziran gaztelu zuriaren aurretik. Basakatua ollotegira sayets-biurrika urreratu oi danez. Zalantza bizian. Anderetxoaren biotza maitemindu nairik. Aren urre-metak aokada batean iretsiteko asmoz. Ba-ziran Madrid-tik bertatik joaniko zaldun garatuak ere.

       Izan ere gizon gosetienaren galea atsetzeko beste bai zan Loreti. Biotza eztenkatzako laingo ondasunak bai zitun soñean eta gogoan. Orzkarbiaren urdiña begietan. Kerexaren gorria ezpanetan. Urre-autsez bitxiztaturiko mataza bureztuntzat. Lerden eta garatu soña. Irribarreari esia askatzean, erion agotik leyar-bitxizko karkara zoragarria. Aspalditik, ondea, ez eban iñork aren aurpegiñoari irririk oartu. Ituntasunak oñazetua erabillan. Nundik sortu zan, bada, oñazearen iturria? Ixo, nire ezpanak! Edestiaren ariak asetuko dausku garayan jakinmiña.

       Bits utsa ziran, orratio, Loreti-ren gogoko ondasunen ondoan, soin-edertasunak. Usamukea bezain ikarati zan. Arkumetxoaren gisan garbi ta apal. Elizkoya, etxezalea, eskuzabala ta langillea. Etzebiltzan oker gai onetan Iritzar-ko atsoen min-artaziak.

       Gaztelu zurira agertu ziran zaldun arroak ezetz biribilla eruan eben. Urre dirdayak lilluraturik eruazala ara igarri nunbait Loreti-k? Edota bestela, arri-koskorren batez, ez ete-eban aldatu biotz-kuskua? Edozein andereñoren gogoa betetzeko adiñako mutil gazte yoriak azalduak ziran jauregiaren aurrera. Ala ere, ez eban iñork igitu Loreti-ren gogoa. Nork ezagutu emakumearen biotz-osiña? Nork igarri gaztien biozkadai?

       Ixo, ordea, irakurle. Ez nire ezkutua aizatu. Ezpai dau iñork ixilpekoaren barririk. Beronelaxen dirau autsontziaren barruko auspean txingarrak sutan, iñortxok oartu ere gabe. Ez, bada, orain aizatu, irakurle, nigandik urteniko ezkutua.

       Aintzinatik maitemiñaren gaitzak joa dabil Loreti-ren biotzondoa. Oñaze bizia dakartson gaitza. Ez izan bere maitasunak erantzunik maitearen gogoan. Mukerkeri orrek darakarkio aurpegira zurbiltasuna. Baita begiondoetako ugelduak ere. Bai ere, agian, gabeko esnaldiak.

       Bai al-da eguzkiaren bean ezkutu orren barririk daun gizonik? Bai; ba-da. Bat bakarra, ordea. Nor da orren besteko zorionaren jaube? Nor dala uste dozube Loreti gaxoaren adiskide bakan ori? Ara.

       Arritu zadize inguratzen nozuen sagasti zoragarriok. Ixildu nire alboan egotxoak igituz xirxirka ari zarien kirkirak. Eten egizue, txoriak, nire buruaren gañetik daruazuen ego-ukaldia. Geldi ta ixil guztiok. Ezpai dauste, bestela, sinestuko edesti arrigarri au.

       Aurki maldar-gora gaztelu-aldera atsanka ikusiko dogun agura zarpilkatu ta eskale zarkina da gaztelu zuriko ezkutuen jaube ixilla. Zelaiko ateondoetan eskalearen otoi-marmaria entzun orduko, artegatasunez egon eziñik dogu anderetxo maitemindua. Nork tinkarazi olakoetan Loreti-ren biotzean taupaka eroak?

       Onenbestekoz, asi gadizan, arilkaya eskupean dogularik, ari-mataza biurria egoki ariltzen.

 

 

II
MAITEARETZAZKO
BARRIEN EKARLEA

 

       Arratsaldeko zortzirak dira. Uda-egun kiskalgarri baten illunabarra. Itun-aurreko ozkirri atsegiñak eltxomulko ugariak atera ditu zugazpeetatik pirurika etengabean. Kirrinka latza dagie saraspean txitxarrak. Gizonen oinpean bizi diran zomorro-talde ikusgaitzaren bizi-otsa datorku belarri-zulora.

       Aruntzago, barriz, azkenengo irriparra bialduz doakigu, gaurkoz, illunabarraren magalean eguzkia. Odolkusko ikaragarria dirudi itxasgañean gorriaren gorriz. Izpi gorriak urrez margoztatzen dabez gaztelu zuriaren iru dorreak.

       Ixo! Nor da baratzako zugazpetik etxealdera doan emakumetxo pertxeta? Alboetatik inguratzen daben loreak buru-makurka agurkatzen dabela esan bear. Ez al-dirudi amaika bider gaztetan irudipenean amestu dogun erregin-gai lilluragarria? Zurizko jantzia darua soin-gañean. Aurpegia zurbil. Eskuak margul. Oi! Larrosa gorri bat dagerkio esku-tartean. Ez al-dau odol-zauriaren antza eskuazpi zurbillean? Zokondoko bidera zuzentzen ditu begiak urduri ta kezkati. Norbaiten zai dago atsege, nunbait.

       Arrurdiñezko zurubiak ditu gazteluak aurreko sarreran. Ara doa Loreti biotzaren bultzadari erantzunaz. Mutiltxo bat oztopatzen dau bidean. Loreti-ren mirabea da. Beltzerana. Amabi urte ditu. Jokintxo da bere izena. Eun eguzklaldik beztakatu dabelako, ordea, uritarrak «Beltxa» deitzen dautsoe. Iru urte daruaz gazteluan mirabetzan. Alai ta zoriontsu bizi da. Izan al-legike etxekoandre bigunagorik? Bere amak ere e'leuke ark baño maitekigo erabilliko. Loreti-ren agindu ariñak lasterka betetzea beste zeregiñik eztau jauregi barruan.

       A! Bai. Ba-dau beste eginbearra. Gogokoa, ordea. Berak aukeraturiko zeregiña. Zeregin gozoa. Birigarroai kantu-leloak irakastea. Bidegarrokumea dau orain ikasle. Lelo polit bi ikasi dautsozana. Ziztula ta ziztuka jardunaren buruz, irakasten dautse. A poza Jokintxo-rena!

       —Jokintxo!

       —Agindu bekit nire andere onak —darantzutso mutilak aringa zutiturik.

       —Zergatik darabiltzuz orrelan beti txoriñoak ziztaka naigabetuz?

       —Naigabetuz? Nork maite legikez txoriak nik beste? Nork nik baizen kutunki erabilli?

       —Kayola barruan loturik daukazuz, ordea. Ez al-lebilkez atsegiñago mendi-zear egazka?

       —Eiztariak, ordea? Miruak, ordea? Nire eskupean eztabe galtzoririk. Nun izan legikie ni baño laguntxo oberik? Birigarrotxo onek ondo dakiana da ori. Atea zabalduki ere, ementxe esku-txokoan kuzkurtuko litzaket ego-ikaraz.

       Au jalki bitartean, esku-azpiaz bigunki igortzikatzen eban mutiltxoak txoriñoa. Onek, barriz, eskupean ego-arro kuzkurtuz, emeki mokokatzen eutson gaztetxoari esku-azala. Ikusgai begiragarria zan benetan.

       Irri gozoz egokien Loreti begira. Urduritasuna baretu yakola esan eitekean. Sakonaldera ustegabean burua urbiltzean, ordea, ara zelan il yakon ezpantartean irriño zoragarria. Beatz-muturra azpikaldeko ibar-barrenera zuzenduz, diñotso otseintxoari:

       —Ara nun datorran zure aita. Zoaz zaldien tegira lasterka. Artu mandako gorrixta ta zoakioz aitari bidera. Ez aiztu mandakoaren bizkar-ganerako bigungarria.

       Anderearen agindua entzun orduko, jauzi bizkorrez urrindu da Jokintxo. Askatu dau mandoa; lotu ugelez bizkarraren biran artillezko lastairatxo biguna ta an doa gainbera tximista bezela zaldian zalko.

       Goakiozan, ordea, aurretik eskale arlotearen billa. Maltzur utsa izanda, eguzkiaren kiskalbearra atertu arte, errekondoko itzalperen batean egona da orain arte. Eltxoen ziztada miñak eraiki-arazi dabe. Dakarzan barrien zai norbait kezkati dagoala jakin agureak; jakin Loreti-ren kupiak. Ala ere, aren oñazeek ez dautsoe, gaurkoz beintzat, biotza asko kezkatu. Gazteen maite-oñazeak «patxaran» artu-bearrekoak ei-dira. Ez uste, orraatik, serbitzari makala danik. Zindotasun zurra dautso gazteluko andereari. Zartzaroak zerbait belaxkatu dau ta nagikerira darua soñak oargabean. Ez da besterik.

       —Noizpaitan usnatu nozuenian, ainbestean nok. Lo al-zegozen mandakoaz orain arte ez azaltzezo? —jaurtitzen dautso marmarka semeari.

       —Lo gu? Ez al-gara, ba, beti erne ta esnaa ibilli oi gareanak?

       —Jatsi adi arin eta lagundu egistak zaldikoaren gañera igotzen. Zangoak gero ta areago astunduz eta baldartuz yoatazak-eta.

       —Tira, ba. Igo lenengoz ormagain onetara. Ara emen gure mandako gorrixta otxan-otxan zure zai.

       Soin andikoa zan agura zarpilla. Azta astunaren azpian zerbait kakotu zan xaldikoaren bizkar-ezura. Bizkor ekin eutson, orratio, maldar-gora.

       Parre-karkara zirikarazteko gisan yoyan gure gizona. Aizealdiak eragiten dautson pagoburu mardula zirudin balantzaka. Zango luzeak zintzilika. Gorostizko makillaz mandoari gibelera jipoika. Ta marmar-otsa etengabe izurriz.

       Erege bat baño zutiago ta arroago eldu zan jauregira. Nor bere etxean sartu oi danez, sartu ere. Egunero gazteluan sartu-irtenka bai-lebillan bezela, ezkutatu zan barrengo itzalean. Solairu dirdaitsuan ots lazkarra egien agurearen oski urratuak.

       Otsein apain batekin topo egin eban sarreran. Muker-kiñu ariña egiñaz besteratu eban burua arek. Baita zakur amorratuarengandik baño zailuago igesegin ere. Marmar bizian agureak jaiki eutson: «Lepa-zintzurrean aztaparrak eransten ba-dauataz, egundoko egun gorria izan bearrean az, txalu ori». Eta marmar-jario asarrean ukakillari eragiñaz, asi zan zurubiaren goenera igotzen. Gorostizko makillaz dangateko izugarria ateratzen eban arrurdiñean.

       Bai eban, nunbait, leendik gaztelu-barrengo ibilbideen barri. Artez zearkatu zituan igaro-bideak. Azkenik izketa-gelatxo apain baten ateburuan tink egin eban. Txapela erantziz, sartzeko baimena eskatzeko unean egoalarik, barrutiko abots ozen gozo bat entzun zan.

       —Sar zaitez, Otxoa. Itxi atea atzetik... Jarri emen, atseden bearrian zara-ta.

       Zalantza bizian burua gibelera urbilduz sartu zan eskalea. Loreti-k eskeñi eutson oyalezko arki zabalari bultzatuz, bazterreko aulkitxo batean jesarri zan.

       —Jaungoikoak bekio gau on anderetxo onari. Zorigaiztokoa ni, barri itunen ekarle beti. Sekulako oñazea dakart biozpean.

       Aiztoz matailla zulatu izan ba-leutsoe be, ez eban Loreti-k arpegi-kiñu garratzagorik egingo. Biotz-naigabe ikaragarria! Agurearengana urreratu zan naigabez arrenga.

       —Jalki, jalki arin eriotza lekardaken itza.

       —Ez estutu, arren, gazteño. Baretu biotza. Zelan edestu negikez, bestela, dakardazan izparrak?

       —Ain baltzak al-dira, ba, dakartzuzan albistak? Urratu lenbaitlen nire biotza! Ixuri zaparradan zorigaitza nire gain!

       —Zure gogoa zerbait gentzatu artean, ez da nire barrendik ezer irtengo. Etzagoz ezer entzuteko eran.

       —Egia da. Gaindituko dot biozmiña. Itzegin al-dozu Imanol-ekin?

       —Bai.

       —Ez al-dautzu nlretzat ezer esan? Ez al-dau niretzako oroitzapenik azaldu?

       —Naiko zeregiña ba-dau bere burugabekerien ondorenak jasaten. Obe litzaizuke aren izena oro aiztu. Gaiztakeriari zearo emana bai dago. Senditik zakurraren gisan jaurtia. Etxetik atera eban ondarea ondatu dau. Gexoetxe batean dago, errukari utsa, osasun gabe eta ondasun gabe.

       —Nun dago, ba, gizajoa? Noakion ara lenbaitlen. Senideak eta adiskideak urruindu dabenean, neuri dagokit esku gozoz beartsua zaitzea. Noakion aringa. Nun dago gaxoa?

       —Biarritz-en. Araño joana naz aren urratsai jarraituz. Gurasoen ondarea eskuratu ebaneko, uri orretara jo, eban atsegin zoroen billa.. Gazte ikasigabearen erokeria. Lapurkatu dautsoez urreak joko-etxeetan. Okerkerian galdu dau osasuna. Gaiztakeriak gainditu dautso gogoa. Obe yatzu aren oroitzapena burutik betiko uxatzea.

       —Oso gaizki al-dago?

       —Bai. Il zorian.

       —Biar bertan noa, ba, ara. Nire izena ezpa-da be, begi beintzat agoan Jaungoikoaren izena. Begi beintzat adiskide on baten laguntza. Begi, beintzat, laguntzale zoli bat alboan.

       Onetan, ormako txirriñera eskua luzatuz txirrin-kuskua birritan estutu eban. Aurki azaldu zan zangarteka Balendiñe, neskame ernea.

       —Balendiñe, gertu egizuz gaur gabean nire zorrotoak eta sareak. Tolestu ta eratu jantziak. Gertu biderako tresnak. Biar ibilaldi luze bat egin bearrian gara-ta.

       Eskale zarrastrakoagana urbilduz, diñotso ondoren:

       —Otxoa, ba-zoakez zu sukaldera. Eskatu nire mirabeai atsegiñen dozun jakia.

       Au jalki bitartean, zizku gizena eskupean ipinten dautso agureari. Zorrotxoa ezkutuka kolkoratzean, lepoa makurtuz, jardetsi dautso onek anderetxoari:

       —Eskerrik asko. Ez noa, ordea, sukaldera. Bekaitza dauste zure otseiñak. Zipoka ta mokoka, maxioka ta ixeka narabilke, oi lez, morroi txaluak.

       —Egin, ba, guraen dozuna. Agur, Otxoa.

       —Agur dagitsot ludian dan emakumetxorik onenari. Jaungoikoa begizu lagun.

       Geroxeago entzungo doguz barriro arnabarrezko zurubi-mallatan eskalearen urrats-ots latzak eta gorostizko makilla lodiaren tangatekoak.

 

 

III
ESKALEAREN IBILLIAK

 

       Gizonik zorientsuena da Otxoa eskalea. Eztautso iñori bekaitzik. Gorrotorik be ez iñori. Zertarako nai ditu eskaleak ondasunak? Naikoa dau gaberako sapai-bazter batean etzuteko lasto-pitina.

       Gizarteko landarea da, barriz, gorrotoa. Gizartetik igesika dabillenak, eztautso iñori gorrotorik bear. Ezta ere baserri-atadietan zaungaka erasotzen dautson zakur gaiztoari ere. Izan ere, ba-dira gizartean zakurrak baño agin zorrotzagoak dituen gizonak. Ozkatzeak eta ostikokatzeak atsegiten dautsenak. Ut, utikan! Eurek jasan bearko ditue nozpait biozgabekeriaren ondorenak.

       Errietara jasten danetan, pozik doakioz mutil gazteak itaunka ibillaldietan ikasitako goraberaen jakinmiñez. Arekin usten ditue maiz biotz-ezkutuak baserrietako neskatxo lotsatiak ere. Ba-dira bazterretan eskaleaz amaika maite-agindu bialduriko neskatx maite-berotuak. Beso-zabalka artzen dabe nunai. Alaz ere, eztau egingo iñun luzaroko egonik.

       Arrantzale izana da Otxoa. Gaztetandik asi zan arraintzan. Amaika neke jasan zitun itxasoan. Bi bider ibilli zan ekaizpean ondaturik. Orain bost urte azkenengo aldiz.

       Arraintza-egun ugaria izan eben. Sareak eta tresnak biltzen iñarduela, aizeaidi izugarriak jo zituan batpatean. Ez eben izan ontzitegira urbiltzeko betarik eta itxaserdian egon ziran bost orduz ekaitzari eutsiz.

       Alako batean, ordea, ugin ikaragarri batek zartatu eban ontzitxoa sayetsean, eta intxaur-azalaren gisan buruzgainkatu ta pitzatu. Kink egin orduko ondatu zan. Gizon bik bakarrik iraun al-izan eben gau osoan egur bati atzamarrak itsatsita. Gau bildurgarria, agian. Gogoratzeak ere, dardarikaraz gainduizen dau bularra. Lurrun-ontzi batek jaso zituan urrengo goizean itxasgizon biak.

       Etzan arrezkero itxasoratu. Irurogei urte zitun eta bazan betiko atsedena artzeko sasoya. Jaurti arrika arraunak eta eskeari ekin eutson etxerik etxe. Bere semetxoaz; alarguna zan, ba.

       Pozik eta alai ebiltzan aita-semeak bidez bide. Beso-zabalik artzen zituen alde guztietan. Urietan eta baserrietan. Iztun trebea zan agura begikoa ta edesle egokien entzule gogokoak izan dira beti gure nekazariak. Ez eban agoa ezotzeko edaririk eskatu bearrik iñun. Barriketan asi orduko, an eban aurrean ardao gorri apardunaz lurrezko txarroa. Entzun-erne egokiozan olakoetan. Itxasaldeko ibilliak eta lanak zituan maiz mintza-gai.

       Gaztelu zurira jo eban bein batean. Otsein bat bideratu yakon uxaka. Loreti-k oartu, ordea, leyotik morroyaren zitalkeria ta eskaleari deitu eutson. Oso atsegin izan yakon ari Otxoa-ren joera. Jarduna ere bai. Buru-ernea iduritu. Leyala ta biotz onekoa somatu. Ordun aukeratu eban Loreti-k bere otseintzarako eskalearen semea. Orduaz geroztik Otxoa-ren adiskide ona izan zan gaztelu zuriko anderetxoa.

       Ara nun doakigun orain eskalea artasoroak zearkatuz bide-txigorretatik beera aringa Urizar-urira. Illuna datorkio, ba, lasterka gañera. Dirdir dagie uriko argiak oraingoz. Kale estu luze bat buruzkatu dau itxasertzearen luzeran eta zerbait barreneratzean, tink dagi etxe kaxkar baten aurrean. Ardandegi bat da. «Gautxori» deitzen dautsoe ardandegi oni Irizar-ko biztanleak. Barrutik dator itzotsa ta iskanbilla! Eztabaidaka diardue norbaitzu; abesketan besteak.

       Ostikada batez edegi dau agureak ardandegiko atea ta jauzi ariñez barruratu da. Batpatean eten da barrengo zarata. An dagitsoe eskale zarkinari arrera maitekorra! «Ongi etorria bedi onera aintziñako Otxoa ospetsua» —diñotsoe. Eta amar esku urreratu yakoz inguruan ardao-eskeinka. «Zorion begizuela guztiok».

       —Zer arrayo dagizu, Otxoa, orren gazterik irauteko beti?

       —Umm...! Gazte? Demorriozko belaun au ezpa-neu... Noizikbein ubilloak jotzen neok belaunean eta errenga ta ointopoka ibilli bear. Ai nire aldi bateko osasuna ta indarra!

       Orrelan mintza bitartean, eskenitako edontzi bi zurrutatzen ditu ta, eztarria garrazkatuz, bazterreko mai batera doa. Gazte-aldra bat ari da jokoan mayaren biran.

       —Ez al-yagok or niretzako tokirik, mutillak?

       —Bai, gizona. Nun ez dago Otxoa-rentzat tokirik? Zutik gengokez ezpa-lego, barriz. Jarri emen.

       Eta mayaren biran estutuz, maiburuan dagitso mutil-mulkoak toki berezia.

       —Tira, ba, mutillak, jarrai abesten. Eztarria leuntzeko, orratio, zerbait atera bearko... Zu, Josebe, atera emen dagozan guztiontzat edontzi bana ardao. Gaitu niri gogokoen dodan aparia.

       Eta abots garbi ederrez asten dau ondoren lelo ezaguna:

 

              «Boga, boga, mariñela... mariñela!

              Juan biar degu urrutira... urrutira...!»

 

       Egoki ta eskurakoi doakioz gazteak laguntzen. Abestiaren amaya bikainki takatu dabe. Uuuu... ju, ju, juuuu!

 

 

IV
MAITEAREN BILA

 

       Guk, ordea, beste nunbaitera joan bearra dogu.

       Udaburuko egunsentiaren argiurratze zoragarria gaurkoa. Egoaizeak isastu ditu atzo iñularrean zerupean ikusi genduzan laño odol-margodunak. Goizaldea izan arren, sargori dago.

       Oso goiztar eta leyati diardue, oi ez bezela, lanean gaztelu zuriko mirabeak. Zer jazo ete-da? Aringa dabiltz ara ta ona. Ardurazko zerbaitek darabiltz ain axolati.

       —Zer gertatu ete-yako anderetxoari? Nora ete-doa ain goizetik —itantzen dautsoe alkarri.

       Ezin dabe, orraitio, iñun bildu ustegabeko irteeraren barririk. Geroago ta jakinmiña zorrotzago.

       —Adi ezan, Balendiñe. Ken egiskun biotzetik zimikoa; ik ba-dakin nora doan anderetxoa-ta —onelan ziztatzen dabe aopetik ixilka neskamea.

       —Zuek beste zekinat nik ere. Ara dakidana. Etxekoandreak esan yeustanan atzo: Zu, Balendiñe, gertu gaur gabean nire jantziak. Etzekinat besterik.

       Belbiltzañak ere ba-eban kolkoan zerbait jakiteko zirika. Geldokiratu ziraneko, ordea, bereala etxeratzeko agindu eutson andereñoak. Ezin gogorik ase. Eziñago ta jakinaya egarriago.

       Bultzi-burdiaren babesean artu dabe Loreti-k eta Balendiñe-k toki egokia. Beste emakume bi ditue bide-lagun. Demorriozko itz-etorri atergabea daritsenak. Dana usaindu nai dabenak. Nungoak diran. Nora doazan. Zertara doazan be... jakin gurako leukie.

       Loreti-k, barriz, gogo-txokora bildurik irudi-ametsetan egotia leuke atsegarrien. Zorabio-aitzakian txokoratu da ta, begiak itxiz, irudipenari egoak zabaldu dautsoz. Bultziaren gurpillak burdin-arietan pirritaka dagien burrunbak eta alboko jardun etengabeak ez dautsoe gogayen joan-etorria eragozten. Ames gozoak! Gizadiari sarri gertatu oi yakona da. Zorionaren billa gabiltz eriosuar. Atsegiñaren gozatzeak baño pozaldi zoragarriagoak dakarskuz maiz atsegiñaren amesak. Lengoak gogoan eztiki milizkatuz doakigu Loreti ere.

       Gaztelu zuriko nagosia bizi zan artean, Oyartzun-go uretxe batera juan oi ziran urteoro aita-alabak, udaldia egiñaz, osasunaren billa. An ezagutu eban Loreti-k mutil gazte jaikia ta lerdena. Aren begiratu biziak biotza kilikatu nubait eta usakumearen gisan zorabiaturik lotu zan maite-jokoetan ikasigabeko gazteñoa.

       Urrea-jaunaren semea zan gazte ortia. Garatz-gizona zan a. Donosti-inguruko burdiñola bat zan bere aberastasunaren iturria. Alargundu zanez geroztik, garrazki mindu yakon izakera gizonari. Ostikoka ta zigorka erabiltzen zituan lantegiko beargiñak. Berolaxen jokatzen zan semeakin ere. Zitalkeri eroan. «Ez igitu emendik. Ez joan ara. Umekondo sistriñak dozak, gero, gaurko gazteak. Ezertarako gaitasunik ez dabenak». Orrelan erabillan beti mutil erukarria zipoka ta zartaka garrazkeri utsean. Gauza itxuragabea da gaztetxoak zio gabe zigorpean erabiltzea. Are geyago, barriz, zerbait azi ta gizondu diranean. Burugabekeri andia.

       Gertatu bear zana gertatu zan gero. Etxerako gorrotoa piztu yakon lenengoz biotzean. Ezpai-eukan an bakerik. Bein etxetik igesika asiaz gero, amilbidean oldartzen dira gazteak. Eskuartean dirua bildu eban batean, uritik-at urrindu zan eta egunetan ez azaldu. Ez eban izan, orratio, zigorrak aterraldirik. Areik astiñaldiak atxeratu zanean! Ango irañak! Ango mukerkeriak! Ezin zitekean aita eroago jokatu. Ai, ai, ai! Gurasoen bidegabeko garrazkeri ta asarre minduakl

       Garai onetan ezagutu eban Loreti-k Oyartzun-go uretxean Urrea'tar Imanol. Aintziñako adiskideak ziran bien gurasoak. Bai gero Loreti ta Imanol ere. Entzutekoak ziran Urrea jaunak semeari egitsozan erasoak. Gazteño lilluragarriaren aurrean ere bardin. Lotsaren lotsaz biotza erdibikatzeko laingo iraña zan. Ala ere, ordea, nork aztertu oro emakume-biotzaren ezkutuak? Nork somatu nezkatxoen ustegabeko biozkada zurrak? Aitak semea iraintzenago ta azpiratzenago ta orduantxe Loreti-ren biotza kilikatuago ta maiteminduago... Errukia? Maitasuna? Nork argitu emakumearen biotz-osiña?

       Bigarren igesaldian etxetik indarka jaurti eban Urrea zarrak semea. Senditarteko aide baten etxean egin zituan aste bi. Ordurako, ordea, gaizto-galeak zearo menderatu eban gaztearen gogoa. Biotza oro urratu yakon. Gaiztakerira jo eban. Okerkerian oldartu zan.

       Bien bitartean, neska galdu zirrilda bat bideratu yakon Imanol-i. Aurki bereganatu eban mutil oldartuaren gogoa laztankeriz eta zurikeriz. Zidarra gurainbatean aterarazteko yoakon neska erneari egundoko bidea! Etzan gaitza izan ere mutil kaskariña itxumustuan zoratzea. Bein ollaskoa lumatu ta aren sakela zirtzikatu ezkero, naikoa ziran ankak igesegiteko.

       Mutillaren eroa! Mutillaren itxukeria! Nora oa, mutil, gaizto-menaren egoetan? Ez al-oa, ba, eure buruaren kaltean, maldar-bera amilduz, betiko ondamendira?

       Eskuartean bildu al-izan zitun ondasuntxoaz aitaren etxetik igesegitea erabagi eban. Neska zirtzillaren babesean Biarritz-urira abiatu zan. Erokeri utsean jokatu zan lenengo egunetik.. Emakume galduen besoetan yoyan noranaira. Bereolan joana zan jokoetxera ere. An egoala uste, nunbait, etorkizun illunaren argiurratzea. Txirringaren mallatan egoala uste gerokoaren askabidea.

       Gau batez neska nardagarriak lizun-etxe batera eruan eban. Ixilleko jokoetxea zan bidenabar. Asi zan txirringa biraka. Orduerdiaren barruan eskuarteko geyenak ostu eutsoezan. Jokoaren goraberari oarki jarri zan. Maltzurkeri gaiztoz atzipetu eben neska galdu likitsak eta bere kideak. Oro sumindurik jarki zan batpatean. Ostikada indartsuz uzkaili eban mai biribilla. Eta aurrean eukazan malmutz zitalai ukaldika bizian eraso eutsen. Zerraldo lurreratu eban mutil eme bat lenengo ukabilkadaz. Ustegabean, ordea, atzetik aizto-zastada erantsi eutsoen eta sorbaldatik galgalka odola eriola erroiztu zan gizajoa. Gero, il-ustean, kale-zoko illun batean jaurti eben sengabe.

       Gogoko amesak ez dabe iñoiz biotz-barrena aspertzen. Bi orduen buruan ames eztietan milizkatuz joan zan Loreti bultzi-sabelean kulunka. Balendiñe-ren deyak esnarazi eban. Bayona-ra elduak ziran, ba, orduko. Belbil bat artuz Biarritz-urirako bidea artu eben arin.

 

 

V
BIARRITZ-EN

 

       Biarritz txoragarria! Urre-izpitan bildurik itxasoari buruz eguzkiakin etengabe amesetan moxukatzen ari azanan, uriño alaya! Arratsaldero argi-lanbropean, itxastxoria iduri, arkaitz artean bigunki kokatzen azan, erriñoa! Ugin-bitsetan goizeoro burua murgilduz alaiki nagia ateratzen don! Zelan margoztu nire mintzo sistrillaz ire magaltxo urreztatua? Ipuñetako erregegai ezkonbarriak yoen ire kolkoan amestu legiken kabi-kutxarik epelena.

       Paregabeko atsedentoki onetan biltzen dira, ats-egarri, ludi osoko aberatsak eta gogo-urduridunak. Baita ere, ordea, onera jotzen dabe amaika gaizkillek eta gogo-biurrik. Ire jatorri garbia loitu nai al-don, Biarritz maitagarria? Abendaren jantzi berezia erantzi nairik al-abilna? Igesika doakina aintzinako mintzaira gozoa. Lizunkeriaren aurrean neskatxo garbia bezela, igesi yoana —gaiztakeriak uxatzen bai yon— lotsaren lotsaz euzkera gaxoa.

       Ara ire babespean England-eko zaldun zutiak, France-ko anderetxo ausardiak eta Ipar-Amerika-ko aberats-mulkoak urre-dirdayak dariezala. Edertasunik aipagarrienak ludiaren biran gozatuz dabiltzan zinelari garailleak ere ire bularrarte gurian txurgatu oi yoene azkenengo atsegin-titialdi eztiena.

       Goazan, ordea, gure edestira. Anderetxo maiteminduarengana.

       «Hotel Palais»en artu ditu Loreti-k gela bi. Urian dan tokirik egokienean dago ostatu-etxe aipatu au. Ondartza nagusiaren buruan. Alboan jaikitzen da Biarritz-ko uretxe ospetsua. An bertan jokoetxea ere. Amaika errukarrien ondabidea! Amaika burugabeen amiltokial

       Oargarria, benetan, jatetxearen aurrean gaur begiak dakusena. Eguzkiaren galdak dizdiztatzen dau ondarra. Izpi-jarioka dagoala dirudi argi ikaraz. Jendetza izugarria dabil ara ta ona. Emakumeak ugari, eguzkitan erdi-billoizik txigortzen. Gizonezkoak ere bardin. Osasunbide ei-dira eguzki-izpiak. Emakume-aragiaren selerosketa nardagarria izan oi da geyenean, orratio, onelango jolasa. Burua zeingeyagoka saltzeko azoka, emakume lizunentzat. Eztago itzak leundu bearrik.

       Urrunago agiri da argi-dorrea arrantzaliei zirkinka bizian. Muño-gallurrean ereikitzen da, buruaz ortze urdiña zulatuz. Berrogeta zazpi neurkin ditu luze.

       Bide-tresnak zuzendu orduko, txukundu zan zerbait Loreti. Aldatu zitun bide-jantziak eta kalera urten zan. Bakarrik, ordea. Ez eban Balendiñe-ren bearrik. Ixilleko eginbearra zan, ba, eruana. Arin yoyan anderetxoa kaleak barrena. Lastozko ginbailtxo bildua buruan. Jantzi arin zuria soñean. Oski arreak oñetan. Ikusi al-dozube iñoiz aizearen ufa bigunaz zumardian zumatxoa kulunkatzen? Berolaxen, soña bigunduz, yoyan anderetxo zuria. Oñakaz lurra zanpatu barik yauzika ta egazka ebillala zirudin. Urtetan zerbait aurreratua zan ordurako. Nork igarri, ordea, begiz? Ain gazte ta yori ziraun.

       Begiztatu dau noizpait gaxoetxea. Mirabe bat doakio bidera. Lekaime-buruagaz itzegin naya agertu ebaneko, urrundu zan gaxotegiko otseña. Aurki azaldu zan lekaimea. Etzan zarra. France- ko andereai edozertan darien gozotasuna eban joeran. Gaztetandik dakarre ango emakumeak egokitasuna. Gaxoak eta naigabetuak laztantzeko berdiñik gabeko laguntzallea da.

       Izketan asi ziraneko ezagutu eban Loreti-k lekaimearen gogo-ondasuna. Aurrean izle dogunaren tankerak zabaltzen dauskuz maiz biotzaren ateak. Bereola ausartu zan gazteñoa ara eruen goraberak azaitzen.

       Ara lekaime-buruari jaulki eutsona. Egunaz aurretio Biarritz-ko errizañak kale-baztar batean mutil gazte bat idoro ebela zauritua ta kordegabe. Jakin ebanez, gexotegi aretan egoala gaztea. Urea'tar Imanol zala. Sendi oneko semea. Aita kaskallu baten zakarkeriak amildarazi ebela mutilla okerkerira. Amaika bider ikusi zituala bere begiz gizon garratzaren purrustadak. Semearen zorigaitzean ere etzala aren kaskallukeria bigunduko. Orregatik yoyala bera mutillari naigabean ezti-txirrista eruan nairik.

       —Bere sendikoa al-zara? —itandu eutson lekaimeak.

       —Ez naiz bere senidea. Baña biotzeko adiskideak gara gaztetandik.

       Begininian irriño bat argitu yakon lekaime erneari. Ainbesteaz jakiñaren gañean egoanaren adigarria.

       —Tira, ba. Goazan gaxoarengana. Oso gaizki dago. Zauritu eben gabean, odolustu zan. Birikeriak jo dau, gañera, egunotan. Bi edo iru argiune izan ditu. Ez dausku ezer esan, ordea, bere sendiatzaz, gu arrenga jardun arren.

       Gelaren ateburutik entzun zitekean gaxoaren atsandi-otsa. Burdiñezko oe zuri batean egoan. Aurpegia berotasunez sutan. Estalkiak arnaska neketsuaren mendean gora ta bera. Gaztearen erasoaldi indartsuai eusteko lekaime bat eta gizon bat egozan alboan.

       Zidarrezko tanto bik bitxiztatu zituen Loreti-ren begiak eta, lipar batez beginini urdiñetan dardartuz, matail zurian beera oldartu ziran. Batpatean atertu eban zotiña. Une artan bertan gaindu eban biotzokondo erauntsia.

       Ondoratu yakon gaxoari ta eskua artu eutson. Kiskaldu bear aren eskuazpiko berotasunak. Burua ere sarritan galtzen eban. Barealdian zan une atan. Tarteka etorkiozan itobearrak, eta estualdiak. Makurtu zan Loreti ta bekokian mosu bat egotzi eutson. Anayari arrebatxoak emon oi dautsonez. Aintzinatik bularrondoan zintzilika erabillan Ama Birjiñaren urrezko irudia ipiñi eutson ezpanganean. Oargabean mosukatu eban gaxoak irudia.

       —Biotzondo ona izan bear dau gazte onek —jalki eban lekaime buruak. Gaitzaren zorrotza igarri nunbait eta apaiz bat eskatu eusku arañegun. Oso egoki aurtortu zan. Baita jaunartu ere. Zerura joango da, agian, gazte onen gogoa.

       Ontan, ordea, beroune izugarriak eraso eutson Imanol-i. Ezin arnasik artu. Ito bear bularra estuaren estuz. Erasoaldian oetik bizkor egingo leukean jauzi. Lekaimeak eta beste gizonak eldu eutsoen eta maindirapean lotu. Karrasi urratuak igesegin eutson eztarritik. Nork aizatu dautso, ordea, gaztelu zuriko anderetxo margularen izena? Aurrean ikusi? Bai zera! Beroaldian piztu yakon irudipenean, nunbait, Loreti-ren irudia. «Loreti...!»

       Zelan eutsi gazteñoak negarrari? Biotza lertzeko laingoa zan. Artu eban lekaimeak anderetxoa besotik eta andik atera eban. Bai bear ere.

       —Eriotz-agiñean dogu Imanol. Bere sendikoai gaztigatu bear yake. Etorri dadizala lenbaiben. Zoaz arin eta deitu egiezu urrutizkiñez.

       Ondo ekian lekaime-buruak orduerdiaren barruan etengo zala mutillaren bizia. Ala gertatu zan. Eginbearra bete ondoren, Loreti gexotegira itzuli zaneko, gorputzilla zan Imanol. Buruz jokatu zan barriro ere neskaño xaloa. Maiko ixillak ixuri zituan biotzondoan. Belaunikatu zan eta bai otoya biozki zerura jaso ere. Ar egizu, Ama, betiko zure beso maitaleetan Imanol-en gogo ona. Gizadiaren atsekabeak eta oñazeak gozatzen dozuzan, Ama ona, eztitu zerbait umezurtz nazan onen zorigaitza!

       Loreti-k itxi etitsozan gorpuari begiak eta bekoki zurbillean musu biguna maiteki jarriaz, illobirarte lagun izan yakon.

       Gaberdian eldu zan Imanol-en aita. Eriotzari begiramena izan eutson, orratio. Erabat atertu zitun aurrerakoan eguneroko lazkeriak eta iskanbillak.

 

 

VI
ONDASUNEN ZABALTZALLEA

(Azken-itza)

 

       Edonundik datorralarik ere, maitagarria da noznai ondasuna. Zelan izan ez, barriz, amestu legikegun gazteño ederrenaren esku zuriak zabaltzen dabena?

       Bai-dirala gaiztoak gizonak! Asarre bizian alkar ozkatzea dabe maiz atsegiñen. Gorrotoak aizatzen ditu, ari burrukalarien gisan, alkarri erasoaz. Betiko joan al-yaku gizartetik maitasuna? Au zorigaitza!

       Zuek, ordea, atez ate otoi-marmarika zabiltzen eskale zarrastakuok, zuaze Irizar-ko gaztelu zurira maitasunaren billa. Nunbaiteko etxera ondoratzean atea purrustaka itxiaz zakurra axatzen dautzuenean, bil zadize edur-margozko jauregiaren babes epelera. Esku-igortzi gozoaren bila al-zabiltze? Maite-itz leunen egarri al-zarie?

       Ninietan argirik gabeko begiak dozuezan itxu errukarriok, zuaze Loreti-gana. Aren aurpegiño zerutarraren dirdirak ezin ditu, zorigaitzez, zoratu zuen begiak. Idoroko al-dozube, ordea, iñun aren eskuaren biguntasunik? Zenbaterañoko zorigaitza dozuen Loreti-ren mintzo eztia ezin entzun zengikien sorrak! Nun ikusi, orratio, gazte xaloaren aurpegitxoa inguratzen daun matazaren urre-dirdairik?

       Inguratu zadize, bada, Irizar-ko gaztelu zurira atsekabe ta beartsu guztiak. Elbarriak, erreminduak, oñazedunak eta aginkatuak. Orra nun datorran Loreti, ametsirudia baizen zuri, atsegin-orriak txiroen artean eskuka zabalduz. Urreratu zadize. Mosukatu egiozue jantzi-ertza. Ez al-da, ba, aingerua, eskuzabalka yatortzuena?

       Otxoa da Loreti-ren alboan eskupekoen eruatzallea. Baldartu da oro agurea ta noizpaitan jauregiaren gerizpera bildu da. Errege bat bezain nagusi bizi da an. Ba-dau aren seme Jokintxo-k ere egunotan poza. Azkarra dau oraingo birigarroa. Ezpai-dautso kink batean ikasi txoriñoak «Nik bai dut maiteño bat» abesten...! A bai dala poza mutiltxo beltzeranarena.

       Oraindio ere igarotzen dira gazteluaren aurretik amaika zaldun garatu. Andereñoaren eskuaren gose bizia dabe. Ez izan, orratio, neskaño txoragarriaren biotz-kuskua irabaziko leukian bizirik.

       Geroago ta zuriago dirudi Urizar-ko jauregiak. Zitoriz jantzi dira inguruko baratzak. Oi! Alakoren batean, ez ete-da biztanle ta guzti, usoaren egoz, zerura egatuko?

 

(AMAYA)

 

 

LARRETXE-KO SORGIÑA!

(Irakurgaya)

 

       Ai; ene! Nori igesegin dautso agotik ustegabean itz gaiztoak? Ez al-dau oartu izleak entzuleen begietan dardaratu dan ikara? Ingurukoen gogoan bildurrikara larria sortarazi nai ezpa-dozue, uxatu arin ezpanetatik Larretxe-ko sorgiñaren izena. Beiñola aurraroan gure loaldiak amaika aldiz naigabetu zituan izena da. Lozorroa biziki laritzen euskuna. Olakoetan oñaze bizian eta biotz-neke zulagarrian ibilli oi dira ames-iduriak. Bereolan igitzen dira kezkapean larri Dostoiewsky aipatuak margozten ditun giza-irudiak.

       Ez al-dozue ikusi iñoiz Anboto-mendiaren babesean etxe zar bat, gaztelu zarpilkatua iduri? Ziklopeen eskuz arkaitz bizian zartaka eregia dirudi. Landugabeak ditu ormak. Bata bestearen gain orpoka jarriak arkaitzak. Noizpait guda-gaztelu izana. Gaur, ordea, larrak eta untzak ayen-luzeka janzten dautsoe bizkarra. Leyo-zurak eta ate-olak erdi-usteldu yakoz. Saretu dira oro leyondoetako leyarrak. Ekaitzaldian aizeak zirrituetan zinkurin dagi negarka. Saguzarrak eta armiarma-sareak dira marandioetan nagusi.

       Etxealde aberatsa izana da aintzina Larretxe. Artalde ugariak morrozten zituen negualdietan inguruko otadiak. Etxeburuko belardietan ere bei-talde ikusgarriak larratzen ziran zintzarriei dilindalan eragiñaz.

       Orra, ordea, zelan sartu zan etxepean zorigaitz izugarria ustegabe. Urtearen buruan etxeko biztanle guztiak makurtu eutsoen eriotzari burua. Batbatean joan ziran nagusia ta bost seme-alaba sendokoteak. A izan zan eriotzaren ostubear galgarria! Amona zarra bakarrik lotu zan etxean.

       Ba-zan arrezkero errialdean marmarra ta jarduna atergabe. Edesti bildurgarriak jalkitzen zituen errikoak or-emen urrekoai belarrira ixilka mintzoa ixuriz. Larretxe-ra urreratzean, gizon sendo ta bulartsuai ere biotz-taupadak etetzen yakezan batbatean. Zurrun tinkatzen ziran. Ezkerraldeko piñudia gaberdian zearkatzean, bidaztiak asperen ituna entzun ebala nunbait? Eleiz-dorrean ontzak auspo-otsa ta oyua egiela? Ixo! Au bildurra! Larretxe-ko sorgiña dabil erratz-gañean egazka. Sartu zadize arin etxebarrura. Zaindu zuen aurren loa. Atso gaizkilleak begiz jotzen dauna, urrengo egunean ilgo da. Txinpart gorriak argiztatzen ditue sorgiñaren begi-zuloak. Erne ezpa-zabiltze, gañera, ogean atzemango ditu umetxoak eta zanpatuko ere. Uuuu...! Au bildurra! Au ikara!

       Gabez Larretxe-ra zerbait urreratzen ausartu diranak entzun izan ditue, barriz, ots erdiragarriak! Pertz-ots; burruntzali-tangateko; ijiji ta iskanbil erogarriak. An biltzen baitira gau-jolasetara inguru areitako sorgin zar biurri ta tximadunak. An egosi ta maniatzen ditue laratz-pertzetan gizon eta emakumeak zorarazteko nastekari arrigarriak. An gaitzen ditue igortzkai ezaugabeak. Gaberdian kebidetik karrasika ta oyuka irtengo dira emakumeen eta umetxoen loaldiak kezkatuz.

       Egun batez, orratio, zentzunbakoarena izan zan nire txepelkeria. Mutilko zorabiatua nintzan, agian. Txorlkume bati arrika jarraiz, Larretxe-ko etxeazpira iritxi nintzan eroki. Errekondoko sarats ondoan kuzkurturik arri-koskorra jaurtitzeko zai nengoalarik, itzotsa entzun neban sorbalda-aldetik. Norbait ondoratu yatan nik oartu gabe. Itzuli neban burua. Zutundu nintzan. Aaa...! Larretxe-ko sorgiña! Aiztoz sabela urratu izan ba-leuste, e'neban biozpetik karrasi garratzagorik jaurtingo. Eztarrian ito yatan, ordea, mintzoa. Kordegabe erori nintzan eta buruaz lurra jo.

       Zoralditik esnatu nintzanean, Larretxe-ko oge bigun batean oartu neban nere burua. Jaugoikoaren izena! Sorgiña egokidan begira begi-erne. Begiak zabaldu ordukoxe, aurpegitxoan laztanduz, jaulki eustan:

       —Ez izan bildurrik, umetxo. Ez dautzut nik gaitzik egingo. Guzur uts dira erriko mingain gaiztoak ixurtzen dituen zitalkeriak.

       Au esanaz gero, katilutxo epel bat urreratu eustan ezpanetara. Larranbillo-ura zurrutatzeko agindu eustan. Zorabioak aldenarazteko egokia dala edari ori. Bildurrez gainditurik neukan artean gogoa. Joan zan, orratio, lengo larria. Ikusmiñak zirikatu nindun une aretan. Orra oartu nebana.

       Begi urdin ederrak zitun Larretxe-ko amonatxoak. Ez txingarrik begi-ninietan. Ezta ere surik begi-zuloetan. Are gutxiago, barriz, begiratu errerik. Artillea bezain zuri buruko illeak. Mataillak zurbil. Zimurrez zearkatuak. Astiro ta mintzo-dardarka mintzatu zan. Artu neban luzatu eustan katilutxoa ta bai aurki txukatu ere. Ixuri eutson, nunbait, atsotxu begikoak laranbillo-urari gozakia oparo. Izaten al-dabe, ba, sorgiñak edariak gozatzeko gokakirik? Bai, itxuraz. Biotz-onekoa iduri yatan Larretxe-ko amonatxo ortzgabea.

       Asia zan ordurako mendietan bera illunabarra jaisten. Eta burua ta mataillak esku zimurragaz laztanduz, esan eustan barriro atsotxuak:

       —Zoaz arin etxera eguna zearo illundu baño len. Kezkatuko litzakez zure etxekoak ara garairako elduko ezpa-ziña. Ez esan, orratio, iñori emen izan zaranik. Betiko galdua zarala usteko dabe, bestela. Ez sinestu or nitzaz esaten dituen biozgabekeriak. Ez dautsot egundo iñori kalterik egin. Ezta egingo ere. Ala ere, erriko biztanle guztiak biozki gorrotatzen nabe. Jaungoikoaren zigorra da. Bizitza latza nirea, benetan. Etorri zaitez nai dozun guztietan etxe onetara. Zure amonatxoak baño ere maitekigo zainduko zaitut. Maitasunaren egarri naiz, ba, eta gizadiak gorroto utsa itzultzen daust. Agur!

       Laño baltz lodiak txanoz jantzi eben garai aretan Anboto-mendiaren gandorra. Eleiz-torreko joaleak burdin-burunba geldia zabaldu eben erriaren gain. Gau-otoya entzun zan eleiza inguratzen deben etxeen tellatupeetan. Aurki asiko dira ontzak auspo-otska ta oyuka. Bereala dardartuko ditu aizealdiak ildegiko zugaitz jeikien adaburuak. Eta erriko biztanleak ao batez begi-ikaraka esango dabe: «Larretxe-ko sorgin gaizkillea dabil or egazka. Sartu gadizan etxebarrura. Zaindu daiguzan umetxoak». Eta giltzaz eta atagaz estutuko ditue atadiko ateak eta maratillaz leyoak.

 

(AZKENA)

 

 

MIKEL, ARRANTZALE ZANGARRA

GIZA-IRUDIA

 

       Orra poza Mikel-ena gaur! Zer gertatu yako, ba, arrantzale-gazteari? Sorgin yorien baten begi-dirdirak, nunbait, biotza kilikarazi? Ez, ez. Gaurkoz beintzat, ez da Mikel-i kolkoa dardaraziko leuskion emakumerik. Ez dau nai itxasoarena beste maitasunik. Ibaya gainbera doanez, doakio gogoa itxasora. Bereolan doa itxastxoria ere ega-ukaldika itxasaldera.

       Ara mutil itxastarri biotza zastatzen dautson pozaldiaren iturria. Amets gozo bat erabilli izan dau txikitandik buruan. Arrantzu-ontzixkaren egalean arraunai sendoki eragiñaz zioanetan, ames ori erabillan atergabe ausnarka gogoan. Aizea ta itxastxoria bezain azke ta burujabe izan nai mutillak! Gañera, nagusiaren mintzo latz zitalak garrazki zartatzen eutson biozpea.

       Gaur bete dau, azkenik, txikitandiko ames gozoa. Ontzi zailu ta sendo baten jaube da. U, ju, ju...! Zakur zaunkari zalapartariaren gisan dabil Mikel yauzika ta oyuka etengabe biotz-barrengo poza ugaldeka ixuriz.

       Gaztea da oraindio. Sendoa soñez. Bizkorra, orratio; zimela ta idorra. Ekiñalean erasan-zaila. Arrantzu-lanetan ziarduanean, ontzi-gañean katua baizen arin yauzika ibiltzen ikasia. Seskaren jeikitasuna dau ibilkeran. Itxas-gezalak eta eguzkiak gorriztatu ta baltzitu dautsoe zerbait aurpegiko azala. Ala ere, gizaseme ederra da. Ikusi bearrekoak dira, agian, Ondarroa-ko neska lirañen ixilkako begiratuak. Biozpean maite-kilima piztarazten dautse, naski, mutillaren joera zangarrak! Ezikusiarena egian, ordea, arek.

       Maitale ezkongayak emaztegaya baizen maiteki zainduko dau Mikel-ek ontzi barria. Aurreratu dautsoen dirua zatialdika ordaintzeko egin bearko ditu mutillak arrantzun ekiñalak! Alere, aurki ordainduko ditu, bai, zorrak. Zintzoa baita. Ezpai-dau arrantzu-lanetan itxasgañean bardiñik. Buruz eta erne jokatuko da.

       Ara! Erriko arrantzale gazteen artean amabi trebeenak eta oituenak aukeratu ditu. Ta ontziaren biran portu-ondoan gazte-aldra ikasi ori bildurik, diñotse: «Mutillak! Ontzi au neurea dok. Nai ba-dozue, zuena eta nirea izango dok; guztiona. Nai al-dozue nire lankide izan?»

       «Bai pozik» —darantzutsoe arrantzale gazteak pozkiro ao batez. Itzal andia dautsoe, ba, Mikel zintzoari. Ontzi-erabiltzen ere eskurik ikasienetakoa dau, ba, arrantzale kementsuak.

       «Sartu zadize ontzibarrura» —oyugiten dautse—; aztertu zuen eskuz ontziaren gaitasuna ta arintasuna».

       Jesarri dira amabi gizonak ontzi-aulkietan. Arraunai ekiñala indartsuan eragiteko zai dagoz. Arraun-kertena eskuazpian bildurik; besoak kuzkur eta koskordun; ontziaren solairu-azalean bernak tinko. Mikel-en keñua oartu ordukoxe, an doa ontzixka arraunen erasoari jarraiz, gezia baizen bizkor. Apar-zirta zuriak alboetara bananduz, mutur zorrotzak erdibikatzen dau ur arrea. Krak; krak...!

       Zurezko amabi egok egaldi neurtuan aizatzen dabe ontzia ta aize-burrunbaren mendean intxaur-oskoi ariña dirudi, ugiñen gandorretik gandorrera txairo jauzkatuz. Kurrinka latza dagie arraun-agak lotukiaren igortzian. Ori dok, mutillak, beso indartsuen sasoya!

       Begietatik dirdaika gañezten yako Mikel-i biozpoza. Bai al-da iñun bere mendeko sallak pozkiroago zearkatzen ditun erregerik? Lerden jaikitzen da ontziburuan. Endaintza darua eskuan. Begi ernez ortze-aldea aztertu bitartean, irriparre zoriontsua dario oargabe aopetik egoneziñik. Itzak labur jaulkitzen ditu. Kiñaldi utsean igartzen dautsoe arraunlariak agindua. Agoak ezer oguzi baño len, egiztatzen dabe arraunak ontziburuaren naya.

       Aste batzuen buruan izango da Donostia-n entzute aundiko zeingeyagoka. An neurtuko ditue indarrak Ondarrabi-tik Santurtze-raño edatzen diran itxaserrietako arraunlaririk ikasienak eta aukeratuenak. Ez da azalduko, orratio, Mikel-en arraunlarien erasoari urrik emongo dautsonik. Ezpai-dabe iñun parerik.

       Bost eundi lenago jayoa izan ba-litz Mikel eta itxaslapurra izan, bildurgarriak izango ziran, ziñez, aren ontzi-erasoak. Inglaterra-k izan daun olerkaririk aipatuena izan zan Konrad itxaslapurraren kantaria. Kantu jasoetan edestu zituan Byron ospetsuak aren egiteak. Margo biziz eta ukigarrizko mintzoaz azaldu eban aren tankera ta giza-irudia. Ez ete-da jayo oraindio Euzkadi-ko itxasgizon zangarren egiteak, goi-arnasak eraginki, itz neurtuetan trebeki iruingo dauskuzan oterkari aizaturik.

       Txoragarriak dira gure itxaserriak. Ederra gure itxasoa. Ez al-da ere zoragarria, udaldian, ortze-aldetik eguzkiaren uztai dirdaitsuak itxas-erraya gorriztatzen daun bitartean, illunabarreko ozkirria, itxasgañean «boga, boga» abestuz, atsartzea? Ez al-da atsegarria, gaztearoan, besoaz ugiñak txairo ebagiz, igerraldian murgilka, adiskideekin indarrak neurtzea ta indarraldiaren ondorenean ur-gañean soña geldiro kulunkatuz atseden artzea?

       Itsasoa! Oldozkunak esigabe noranaira barratzen ditun zelai amaigabea. An zabaltzen dira ta egatzen biozpeko estualdiak. Ez dau an oñak mugarik eta oztoporik jotzen. Ez dausku an iñoiz gañeko sapayak burua kaskatzen. An egatzen da gogoa bigunki Jaungoikoarenganaño. Itxaso ederra, agur!

       Betor, betor lenbaitlen edertasun oneik itz neurtuz abestu legikezan euzko-olerkari gaitua!

 

(AMAYA)

 

 

MORINGER ZALDUNAREN EDESTIA

(Walter Scott)

 

OLERKI-KANTUA

 

I

       Bohemia-ko zaldun aundizki baten kondaira arrigarria edestu bear dautzuet. Mayatzeko larrosa bezain ederra zan zaldunaren emaztea ta zoriontsu bizi ziran. Egun batean, ordea, alkarrekin aogoxoka mintzatzen ari ziralarik, senarrak jaulki eutson emazteari:

 

II

       «Maitetxo, eskeinitz bat egin dot. Ibiltaldi luze bat egin bearrean naz. Lurralde onetatik aldi batekoz urrinduko naz. Ni atzerrian nabillen bitartean, zu izango zara dagokizun ospaz, gaztelu onetako andere. Zazpi urtez eta egun batez, gorde egizu orbangabe nire izena».

 

III

       Negar-malkoak naro ixuriz erantzun eutson emazteak: «Andere indargabea izanik, zelan antolatu naiteke zu itzuli arteraño? Nork aginduko dautse zure mendeko gizonai? Nork erabilliko ditu zure sallak? Nor izango da zure emaztearen zaintzalle?»

 

IV

       Moringer aundizkiak jardetsi eutson: «Ez keztatu, emaztetxo maite. Zaldun bulartsuak dodaz menpean. Euretariko zintzoenak begiratuko ditu nire ondasunak; erneenak zaiduko dau nire anderea.

 

V

       Kistarra naz, eta itza emon dodanez gero, eskeinitza zintzo betetzea dagokit. Erbestean nabillen bitartean, ez aiztu zure lagun maitalearen oroitzapena. Atertu egizu enetxo, zotinka. Alperrikakoa da zure oñazea». Eta bekokian maite-musua egotziz, oldarki jaiki zan zalduna.

 

VI

       Gaztelu-barruko igarobideak zearkatuz, gela-mirabearengana doa. Garbiontzia dauka onek eskuan eta gain-jantzia beso-gañean tolesturik. Txukundu da zalduna ta gain-jantzian bildu dau soña.

 

VII

       «Entzun, gelazai zintzo, —diñotso—. Mirabe zindoa zara. Aintziñatik dazagut zure gogoaren ondasuna. Zazpi urtez nire gazteluaren buru ta nire menpekoen nagusi izango al-zara? Baita ere, zainduko al dozu nire emaztearen leyaltasuna?»

 

VIII

       Tolesgabea ta biotz-zabala zan otseña ta nagusiari bereala erantzun eutson: «Tinkatu zaite emen, nagusi. Zurea dan bitxia zaintzea zeuri dagokizu. Ausierraza da emakumearen zindotasuna, agian. Zazpi urtez zoaz erbestera. Nik, ordea, ez neuke urte beterako ere emongo emakume baten bakarraren zindotasun-itza».

 

IX

       Arin besteratu dau Moringerek aurpegia. Biotza oñazez zulaturik darua. An urrean agiri da guda-mirabe zangarra. Nagusiak itaundu dautso: «Guda-otsein zintzo, itxasoz aruntza noan bitartean, nai al-dozu izan nire bitxi baten yagole?

 

X

       Gaztelu au, lurraldeok eta nire mendekoen ondasunak zainduko al-zeunkez zazpi urteen buruz? Begiratuko al-zeunke, batezbe, zurki nire emaztearen onustea?»

 

XI

       Guda-mirabea ere tolesgabea ta biotz onekoa zan. Gazte bizia ta laisterra, orratio. Zalantzarik gabe ta bere burua aundietsiaz, jaulki eban: «Nire jaun ona, aldendu egizuz burutik susmo-apur guztiak. Egizu bidaldia kezkagabe. Zure ondasunak nire zaipean itxirik, arduragabean zoakez.

 

XII

       Sinestu egizu nire zin-itz zintzoa. Zure agindupean dozuzan sallak zintzo zainduko dodaz. Baita zure gaztelua kementsu aldeztu ere. Zure mendekoak ere pozkiro ibiliko dira nire agindu-babesean. Zure emaztetxo onaren maitasunak, barriz, makarrik gabe garbi ta garden iraungo dau. Bai ogetamar urtez erbestean ibilliko ba-ziña ere.

 

XIII

       Itz oneikaz Moringer zaldunaren kolkoan oro itzali zan susmo-bildurra. Bekokitik artegatasun-lañoa egatu yakon eta alaitasunak barriro bizikatu eutson aurpegiaren tankera. Gazteluko biztanle guztiak maiteki ta banaka agurtu ondoren, aize-ontzi batean sartu zan eta zazpi urtez eta egun batez orron ibilli zan.

 

XIV

       Aldi luzea joana zan. Lorategi batean arduragabean lo egoan bein Moringer zalduna. Iragar-ames batek biziki dardarkatu eutson soña. Ara mintzo ixil batek adirazi eutsona: «Eldua da esnatzeko garaya. Gizon barri bat da zure emaztearen eta zure lurraldeen jaube.

 

XV

       Gazteluaren dorrean iñoiz ikusibako lauburua edatzen da aitzearen egoetan. Esku arrotzak darabillez zure zaldien ago-ugelak. Zure mendeko izan ziran gudari-aldra kementsuak buruzagi barria dabe. Ainbeste maite zenduan emaztearen arinkeri lotsagarria, barriz! Len ain biozbera ta zindoa izan zan anderea, gaur gabean zure gazteluan Marstetten-go nagusi-gayakin ezkonduko da».

 

XVI

       Lauorri esnatzen da Moringer eta aztazalez bularrondoa urratuz oyugiten dau: «Anbat egundo jayo izan ezpa-nintz! Au zorigaitza! Nire gazteluaren jaubetasuna galtzeak ez nau kezkatzen. Amorrarazten daust, orratio, Jaungoikoaren izena!, nire emazte ederraretzaz guda-otsein etoa jabetzeak.

 

XVII

       Entzun egidazu, arren, Toma deuna. Zuri egin neutzun eskeñia bete nairik ibilli nazan bitartean, sabelzuri batek ostu daustaz nire aginte-lurrak eta nire emaztearen izena loitu daust. Nik, barriz, erbestean jasan bear, lotsa gorriz estaltzen naun iraiña!»

 

XVIII

       Bereala entzun eban Toma deunak bidaztiaren arenga larria ta batbatean barneko loaldi luzea alzatu eutson. Esnatzean, Bohemia-ko lurralde eder naroan oartu eban bere burua. Errekondo batean. Gaztelu aundi baten dorreak zulatzen eben aurrean ortzeko urdiña. Errotaetxetxo bat ageri zan ezker-aldean.

 

XIX

       Liluratuaren gisaz dardarraldiak daragitso Moringer zaldunaren soñari. Oi ez lako pozaldia sortarazi dautso, orratio, biotzondoan ustegabeko gertakariak. Eta begiai alde guztietara eragiñaz, berebaitan diño: «Ara emen nire aitaren torreak eta errotaetxea ta erreka. Onetsia bedi bidazti gajo onen otoi ezereza entzun daun deuna».

 

XX

       Bide-makillaz soñari lagunduz, errotaetxetxoaren ondora urreratzen da. Bere mendekoak ziran gizonak ez eben ezagutu euren jauna. Zearo aldatu yakon, nunbait, ordurako leengo aurpegi-tankera. Errotaria bideratu yakon. Zaldunak eskatzen dautso: «Adiskide on, edestuko al-dautsozuz bohemiar zaldun oni emengo gertakizunak?»

 

XXI

       Errotariak darantzutso: «Itzak urri bear dira emen gertatzen danaren barri emoteko. Gaztelu onetako anderea senar barria artzekoan da gaur. Leengo senarra erbestean illa baita. Alan diñoe, beintzat, danak. Oso biozmindurik gaukaz aren eriotzaren barriak. Nagusi ona zan oso.

 

XXII

       Arek niri emona da errotatxo au. Jaungoikoaren atsedenean bego gizagajoa. Eskuzabalekoa izan zan beti niretzat Martin deunaren eguna irixtean, errotariok geure alogera artzen dogunekoxe, apaizari eleiz-jantzi bat eta estola bat emon bear dautsodaz, Moringer-en gogoaren aldez otoi dagian».

 

XXIII

       Maldar-gora doa orain zalduna. Atsanka ta ituntasunez gogoa gainditurik gazteluaren ondoratu da. «Lagun izan zakidake zeruko deunok eta zabaldu egistazue, arren, gaztelurako sarrera, bidegabeko ezkontza au lenbaitlen eragotzi dagidan». —Onelan dagi otoi.

 

XXIV

       Gazteluko ate zabalari erantsi dautson dangatekoak ots latza atera dau inguruan. Jaso daun deadarrak, barriz, mintzo lauso ituna salatu dau. Bidaztiaren otsera, gazteluko agintaria dator atera. Moringer-ek diñotso: «Etxeko andere onari jaulki egiozu Toma deunaren lurraldetik bidari zar bat eldu dala ta etxe onetako babesa eskatzen daula gaur gaberako.

 

XXV

       Lar ibillia naz gaur eta indarrak oro agortu yataz. Atea itxiko ba zeunst, e'neuke biarko eguzkirik ikusiko. Ain aitua nator. Toma deunaren izenean eta aurreko senar Moringer-en gogoaren oroiz, gaberako etxe-ostatua eskatzen dautsot».

 

XXVI

       Gazteluko anderearen billa doa jaurlea. Ara emen ari jaulki dautsona: «Bidazti bat eldu da atera. Nekeak auldua dator. Toma deunaren eta Moringer-en gogoaren izenean, gaur gaberako ostatua eskatu dau».

 

XXVII

       Itz oneik samurkiro igitu dautsoe biotza andere biozberari. «Edegi egiozu atea —diño— ta ongi etorria bedi bidaria eskatu daun ogera ta maira. Are geyago. Nire leengo senarraren izena aitatu daun ezkero, urte batez eta egun batez emen tinkatzeko baimena damotsot».

 

XXIX

       Itun doa zalduna areto nagosira, urratsak geldiro ta nagika aurreratuz. Ez al-dau gazteluaren barruan iñork ezagutzen? Naigabeak gainditu dautso biotza. Bazterreko ziziluan jesarririk, saminki txukatzen ditu malko garratzak. Urte osoak yakoz iduri an egin ditun liparrak.

 

XXX

       Zabaldu dau gabak zerupean maindira baltza. Azkendu da oturuntza. Urrean da ezkonbarriak alkartuko diran ordua. Ontan, ordea, maiko batek diño: «Ez al-da, ba, gaztelu onetan oitura zar bat? Onera datorzan bidazti guztiak zerbait abestu bear izaten dabe».

 

XXXI

       Maitearen ondoan dago senar gaztea ta orainarte etengabe jardun diran ereslariai diñotse: «Atertu egizue eresaldia. Aintzinako oiturari jarraiz bidaztiak abestu bear dausku zerbait. Diruz eta jantzi eder bategaz ordainduko dautsot dagiken alegiña».

 

XXXII

       Asi dau arek leloa:

       «Urteak auldu daben agura zarraren kantuak ituntasuna besterik ez dau aizatzen. Eskeni dautsoezan urre ta jantziak ez dautsoe, agian, kantari oni mintzoa arnasaztuko. Gaurko senargayak daun maya bezain aberatsa neban nik ere beñola. Eta alboan begira dagokion emaztetxo lilluragarria bezain txoragarria zan nirea ere.

 

XXXIII

       Urteak, ordea, zimurrez josi dabe nire bekokia; edurrez estali dira nire ille kiskurrak; eta nire aurpegiko osasunaren gorria bizar zuriok jan dabe. Aberastasunaren dirdayak len inguratu ba ninduen ere, biziaren azkena urreratzean, gaurko ezkon-jai alaira nire mintzo illun urratua dakart».

 

XXXIV

       Entzu-erne dagokio gazteluko anderea. Agura bidaztiaren atsekabeen edestiak malkoak ixurrarazi dautsoz. Ardao-banatzalleari deltuz, agura gizajoari urrezko edontzian ardaua eroateko agindu dautso. Bere maitasunaren aintzaz urre-ontzi aretatik ardaua edateko aginduz.

 

XXXV

       Moringer zaldunak, ordea, ezkon-eraztun dirdaitsu bat jaurti eban ixillean edontzi-barrura. Sinestu egiozue olerkariari, zinez. Ezkon-egunean bere emazterengandik artu eban eraztuna zan.

 

XXXVI

       Eta ardao-banatzalleari diñotso: «Zure laguntza bear dot. Aintziñako aberastasun zoriontsuak ba-datorkidaz barriro, sari bikaña eskuratuko dautzut. Eruan egiozu edontzi au ezkonbarri ederrari ta bidari zar gizagajoaren aintzan edan dagiala, arren, edontzi onetatik».

 

XXXVII

       Adikorra zan banatzallea ta abegi ona egin eutson agurearen eskariari. Artu dau edontzia ta andereari aurketuz , diñotso: «Bidazti agurgarriak, nire bidez, edontzi au bidaltzen dautzu, bere osasunerako edan dagizun arrengaz».

 

XXXVIII

       Aurki zaztatzen ditu eraztunaren dirdirak anderearen begiak eta oarki begiratu ondoren, oyu-egiten dau: «Emen dago, naski, Moringer jauna». Jauzi egiten dau jesarlekutik bereala negarrez asperenka. Ituntasunak ala alaitasunak ete-daragitso negar? Esan begiskue emakumeak.

 

XXXIX

       Eskar-itzak, beintzat, oparo igesegiten dautsoe agotik eta zeruko deun guztiai otoi dagitse gaberdia baño len Moringer jauna ekarri dautsoelako. Ziñatuz azaltzen dau bere maitasunaren zintzotasuna ta baita ere bere leengo zorigaitza.

 

XL

       «Bai, bai. Emazte zintzoai bear yaken lotsa ta aintza dagokit niri ere. Zenbatu, zenbatu egizuez urteak. Gaur gabeko amabietan beteko dira nire senarra aldendu zanez geroztik zazpi urte ta egun bat».

 

XLI

       An jarki zan Marstetten ere. Zorrotik ezpata atereaz lurrera jaurtitzen dau ta Moringer zaldunaren oñetan auspezturik diño: «Orra nik nire zinitza ausi ta zaldunen arauak ostikotu. Ara emen nire ezpata. Aor dozu nire burua zure agindura».

 

XLII

       Zaldun bioztunari, ordea, irribarre gozoak argiztatzen dautso aurpegia, ezanaz: «Zazpi urtez ludia zearkatuz ibilli danak asko ikasi dau. Nire alabak amasei urte ditu onezkero. Eder-iritzian dauke danak. Galtzen dozun ezkongayaren ordez, or damotzut alaba ederra. Ondorengotzat onesten zaitut.

 

XLIII

       Artu begi gogoz zaldun gazteak dakarkiodan emaztegai liraña. Erbestean eskeinitz bat beteaz ibilli dan bidaztiak, izan begi laguntzat aurrerakoan ere itza zaitzen jakin daun emazte txoragarria. Jaungoikoari eskarrak! Gazteluko ateak agintariak zabaldu izan ezpa-leustaz, belu izango zan biar. Orain biotza gainditzen daustan zoriona, zorigaitz eta atsekabe uts biurtuko zan».

 

(AZKENA)

 

 

BAROJA IDAZLEA
NERE BEGI-NINIETAN

ELERTI-ZIRRINDAK

 

 

I

 

       Ezta gainberakoa gizon aipatu zenbaiten jarduna bear bezela antolatzea. Besteren esanera ibilliz, beintzat, ezin bidez epaitu. Emengoak izarretaragiño jaso dutena, aragokoak leiza-zokondora eratxi dutelako. Norbere begiz aztertu bear olakoen lana. Bioz-larria aldendurik, orratio. Aizatzalle nabarmena da epailarientzat.

       Baroja? Ara maiz entzun degun epaya. Idale lardatsa; barren txepelekoa; or-emengo gertaerak burugabe josten dituana; zikin-artean uxarkatzeak atsegiten diona. Beste zenbaitzu, begiz, amar mingain ba-lituzte, idazlea aintzatzeko lituzke amarrak. Oberik-ezkotzat jotzen dute oek.

       Tira, ba, tira. Ez goraegi egatu. Ezta ere leiza-zokora amildu. Etzaigu gozoa guztoi ao-sapayan berdinki urtzen. Alaz ere, idazte-arauetan ikasiak diranak, ao-sapayaren gañetik, epai-arau senideak dituzte. Betikoak; iñoiz aldatzen eztiranak. Idazlan berbararen buruz epalle biren irizmenak alkarri bizkarka aldentzen ba-dira, bietako bat, edo-ta zalekeriak gainditu du, edo-ta bestela gorrotoak itxukatu. Neurkiña eskuan dalarik, ezin diteke neurketan orrenbesteko alderik atera.

       Ba-dituzte utsune beltzak Baroja-ren lanak. Aurrenengo arnasan idatzitakoa ikutu gabe dijoakio beti. Ao zarpildunarenak dirudie, maiz ixurtzen zaizkon «boutade» zenbaitek. Baita ere sarritan alkarri-josten ditu jazokunak bidegabe.

       Ezin ukatu leizkio ere, ordea, bidezko onespenak eta ondorengo gorasarrea. Giza-tankera biziki margozten dakiana da. Mami-giarra dario idazkeratik. Euzkotarren joera berdingabe kimatu dezakeana. Ai euzkel-elerti-barrutian onen antzeko jardule bat ba-genu! Irakurlearen agoa gozatzeko. Irakur miña zirikatzeko. Olerkariak adiñako lan onuragarria ba-dezake, elerti-buruz, idazle txukun eta trebeak.

       Irarri-berria da «El cabo de las tormentas» idazburutzat daramana. Ez da au lengo Baroja. Zartzaroak kemena kendu-ote? Lerroetan barrena goazalarik, ezin igarri aren semea danik au. Ain geza ta belaxka da. Ez bururik; ez soñik; ezta ere isatsik. Au bezelako idaztiak ez diote gerokora urrin eramango izena. Igande-arratsaldean nolabait astia emateko beste ez da. Irakurgai zurbil merkea.

       Idazle onen lana oro aztertzen asi geranez gero, uki ditzagun edertasun zenbait. Gure gizonen tankera margozten ez du parerik. Geroago euzkeralduko ditut atal oso batzuk. Egoki dijoakio euzkerari aren idaz-joskera. Gaurkoz giza-irudi laburrak dakartzkit.

 

* * *

 

       «ZALAKAIN EL AVENTURERO»-idaztitik artua:

       Soin giarrekoa zan Tellagorri. Sudurra kako ta luze; illea ta begiak zurixka. Lurrezko pipatxoa ezpañetik egundo utzi gabe. Edalea, esalea, alaya ta lagun leyala. Errazki zaramakin barrenak indarrera. Gogoa galdatzean, edozeñi tiroz biotza lertzeko, etzuan iñoren bultza bearrik. Ezta ere erri osoa sutzeko. Ara emen norbaitek zegion agurra:

 

              Tellagorri

              galtzagorri

              ongi etorri onera.

              Ostu-zale,

              edanzate

              neskazale

              zu zera.

 

       Edozein eginbearretarako molda-erreza. Bere etxebarruko lanetarako e'tzuan iñoren bearrik. Ez emaztekiarenik; ez gizonezkoarenik. Emakumea bezain egokia zan josten. Bizarra ta illea ebakitzen tajuzkoa. Bere eskuz zulatu ta josten zitun abarkak. Eltzekoa baneatzeko zun, berriz, gaitasun bakana!

       Agure au zan Zalakain-mutikuaren aizatzalle. Laster ikasi zitun aren oiturak. Gaberdian auzoko ollotegian ollaskoa txintik atera gabe lepo-biurritzen. Pikoak eta aranak arrapatzekoan, oinkada biren inguruan ezetz aren oin-otsik barrundatu. Belarraren itxuraz ezagutzen zitun ziza-muetak.

       Gau batean erriko ildegira eraman zun Tellagorri-k mutikoa. Arresitik-at utzi zun bakarrik.

       —Itxedon ezak emen —esan zion.

       —Ongi.

       Orduerdi baten buruan azaldu zan agurea. Galdetu zion mutillari.

       —Bildurrik izan al-dek?

       —Zeren bildurra, gero?

       —Arrayetan. Nere tajukoa aiz, i, mutil. Beti zuti ta erne.

 

* * *

 

       «JAUN DE ALZATE».— Berrogeta bost urte ditu. Lertxuna bezain lerden. Zailu ta bizkor. Begi urdin argixtak. Osasunaren gorria du arpegin. Bizarra zurizkatzen asia. Ausardi-joera dario ibilleran. Etxean sartu-irtenka dabillenean, zozuaren gisan ziztu-giten du. Gudaketarako edo lapurketarako mendekoai otsegitean, berriz, ontzaren oyua ta basakatuaren zaunga ditu.

       Altzate-ko jaunaren marandioan arto-zuriketan bildu dira auzokoak. Atsegiñeko zeregiña. Gañeko zorro igarra eranztean, urrezko arpegia dagerre artaburuak. Abeondoko pillora jaurtitzen dituzte zuritu-ala.

       Betor arin etxekoandrea. Amaitu degu zuriketa. Ez al-du lan latz onek eztarriko bizarraren bustirik merezi? Arto-bizarraren autsak barrengoa ere arrotzen dik pranko.

       Tira, ba, tira. Jaiki zaitezte. Inguratu maira. Gaztañak eta sagar-erreak neska-mutil gazteentzat. Zurezko edontzietan sagardua.

       Ontan, ordea, orra nun deraman gazte batek adarrezko ziztua aora. Beste batek, berriz, zurezkoa. Lelo arin jakiña entzutean, nork geldierazi gazteen oñak? Berenez dijoaz dantzatzera. Neurrizko oinkada zailu biziak eta kriskitin-otsa besterik ez dantzugu. Ara leloa:

 

              «Sagarra lodi-lodi

              denbora danean.

              Gazteak ankak arin

              soñua jotzea».

 

       Geldiunea degu orain. Atsedena. Mutillak zutik algaraz ari diran bitartean, neskak bazterrera igesi dute. Atso-aguraen otzikarak berotzeko ez dek pattarra bezelako edaririk. Neskak pattarrera oitu gabe zeudek. Aora orduko, eztulka dizkigu. Ao-sapaya erretzen. Argi, Panpoxa ta Beltza dituk neskak. Mutil gazteak Barrendegi, Ezponda ta Lizardi. Egin dezagun berriro dantzan asialdia.

 

              Baratzako pikuak

              iru txorten ditu.

              Neska mutil-zaliak

              ankak arin ditu;

              ankak ariñak eta

              burua ariñago.

              Dantzan obeto daki

              arto jorran baño.

 

       Parre-karkara ta oyua. Amonatxoak ere asi dira berotzen. Zerbaitako artua dute pattar errelaria. Ju, ju, ju...!

 

 

II

 

EKAITZA («Xanti Andia»)

 

       Ugiñen lertokia zearkatuz irten nintzan begiratokitik. Ormarrien gañetik egian jauzi itxasoak. Buruko etxeak zipriztinkatuz. Lurrikararen burrunba-otsa atereaz. Uretan soña sartuz iritxi nintzan nasaren aruntzko okerrunera. Itz bitan eman nien arrantzaliai gertatzen zanaren berri. Baita begirariak esan zidana jaiki ere.

       Askatu ta eratxi genduan galtzorietako ontzitxoa. Larragoyen eta beste arrantzale batzu sartu ziran barrura. Ayek karrasiak emakumeenak! Arriturik begiratzen zidaten, berebaitan esanaz: Zer egitera ote-zoak au? Jauzi bizkor batez sartu nintzan ontzira ni ere. Eramateko nik endaitza egindu zidan Larragoyen-ek. Begiramenez alegia. Etzeukan lemarik ontzitxoak. Obeki. Arrisku-garayan obea da arraun luze bat ontzi-gibelean sendoki lotua. Biotz-estu zegozkigun begira mutikoak eta emakumeak.

       Bizitza osoan izan nun une gorri onen zantzua. Nere zoria zan, nunbait, egite aipagarriren batean bizia galtzea. Aintzatuz erabilliko zuten erriko mutillak nere izena. Irakurgayetan ikusten ditugunen antzera.

       Itobearrak estutu zidan bularra, ontzira sartu ordukoxe. Ua kedatsa! Orioaren usain nardagarria zerien sareai ta arrantzu-tresnai. Nazkagarria zitzaidan arrain errearen gisako ta itxasoko uraren urrin garratza.

       Itxaroaz lotu giñan lipar batez. Lema-ondoan zutik ni. Arraunai eragiteko zai sei gizon. Galtzorian ziran bietako ontzi bat sartu zan, orratio, noizpait ontzitegira. Ez, ordea, bestea. Ugin batek buruzgainkatu zun.

       —Ots, mutillak! Goazan! —didar egin nien arrantzaliai.

       Krak; krak... Arraunkada sendoen egoz, tximista bezain azkar, irten giñan nasa ertzera. Odei beltz ikaragarriak ezkutatzen zuten ortze-aldea. Aize-zurrunbilloak ego-urratuz zerabiltzien lañoak. Itxas-gañean, urrunera, illun-zirinda izugarria oar zitekean. Buruago, berriz, beltzgorri-unea. Ugin orixka bildurgarriak zetorzkigun gañera iru-lau aldetatik. Aize-erauntsiaren mendean apar-zipirztiñak zartatzen ginuzten.

       Ontan, ordea, Larragoyen-ek, txapela eskuratuz, esan zun: «Gure aita» bat lenen galtzen danarentzat.

       Etziaten zarrazta gozua egin itz oek bularpean. Egin genduan otoi danok. Urrutira begira ari nintzan ni. Beste ontzitxoa ondatu zan tokitik ez joateko esan zigun deadarka begirariak. Bira luzeagoa egiteko.

       Ala egin ere genduan. Ekaitz indartsua zan. Menderatzeko laingoa, orratio, artean. Erabat urratuz bultzatzen zigun aizeak eta ontzia ugiñen gañean jauzika zijoan izurdearen gisan.

       Burrunba aundiko arriskoak zearo aldendu oi dute bildurra. Areago galbidearen ogena norbere lepoaren gain doalarik. Olakoetan zenbaki-korapilloa dirudi arriskoak. Bekoz-beko ikara gabe askatu bear. Itxasotik lurraldera begira, oi ez bezelakoa zan genkusana. Ugin-bitsak erri osoa estaliko zutela zirudin.

       Ugin birilla urreratzen zitzaigun arteka. Azpititik axatutakoaren itxurakoa. Albaka artu bearrean, ontzi-muturraz mokokatzen genduan ur puztuaren sayetsa. Edota erdi-zearka.

       Egiketa onetan, orratio, askotxo okertzen giñan. Baita zuzenbidia galdu ere. Zorionean egin genduan lenengo bira. Beste ontzitxoa ondatu zan tokira urreratu giñan, eta ondatuetako arrantzale bi ontziratu ginuzen. Bigarren biran ere beste gizon bat bildu gendun. Irugarrenean, ordea, etzan gizonik agiri.

       Jenobebe-ren senargaya ta beste iru mutil ziran galduak. Lerrenak egin zituen gure arraunlariak. Arkaitzetara jo genduan gero. Aurrera gabe an tink egiteko agindu zigun tuturuz begirariak.

       Azaldu nion Larragoyen-i nere iritzia. Nasa-ertza lenbaitlen buruzkatzea nerizkiola ondoen. Getari-aldera astea, erio-billa joatea zala. Nekeak aulduta zeuzkala ontziko gizonak. Gañera, zer gertatuko zan ernemiñez. Larragoyen-ek etzuan tautik esan.

       Portu-aldera jotzea bezain galbidezkoa zan an bertan luzaroan tinkatzea. Iru ugin ikaragarriren ondoren, bare-unea sortzen zan. Arauzko tangatekoa deitzen diote arrantzaleak joaldi orri. Geldi-aroan irabazi bear nasa-ertza. Etzan txantxetako jokoa.

       Larrialdi estuan giñan orduantxe. Gizonak atsanka, auldurik, ia kemen gabe. Nola egin, bear zan indarkarik?

       Liparkaz geituz zijoan gure artegatasuna ta larria. Arraunlarien indarra porrot egiteko bidean. Ua estualdia! Nere gain korapiloaren askatzea, berriz. Orrexek zutitzen zidan zerbait adorea. Nasa-gañean zeudenen karrasiak eta itzotsak guregañano zetortzan. Noizpenka, orratio, begirariaren tuturuzko deadarrak ere ez giñuzen entzuten.

       Geroago ta okerrago. Arraunlarien indarra ater zorian izan arren, aizearen bultzadari eutsi bear. Arraunak erdiraño uretan sarturik zeuzkaen. Oñak soloiruan josirik. Soña tinko. Indarkaz burua atzera kako. Agotik lurrun eta ats jario.

       Aringa zijoazan buruaren gañetik odeyak aize-egoetan. Zorabioa sorrarazteko eran. Jaungoikoaren ixena! Galduak giñala uste. Ugin biribil ayetako bat oldartu zitzaigun gañera. Batpatean, ustegabe. Ugiñaren sabela ontziburuaz zulatzeko astirik etzigun eman. Zartateko ikaragarriz auspeztu-arazi zituan lenengo aulkian zeuden arraunlariak. Gure gañetik igaro zan ugalde izugarria!

       Azken-ordua eldu zitzaigula uste gendun danok. Artean ontzi-barruan geundela oartzean, gogo-barrena sutu zitzaidan. Asarretu nintzan. Eta didar ozena egin nien:

       —Erotuen gisan gaude emen loturik. Aurrera egin bear degu. Eup!

       Azkenenko indarka egiteko gertu ziran guztiak. Zer dakuse, ordea, gure begi zoratuak? Nundik sortu da or, guregana datorren aize-oyaldun ontzi ori? Matxin-en ontzia dek. Lertzeko zorian derama puzturik oyala, ametsetako zisne baten joeraz ura ebagiz. Tximista bezain arin dakar aizeak.

       Erdi-zoraturik lotu giñan danok. Arkaitzen aldetik azaldu zan. Baita bira osoa arin egin ere. Gizon bi zijoazen ontzi-barruan. Matxin bera ta bere otseña. Ua bai zala ontzia nai baizen egoki ta errazki erabiltzia. Uts bat, egin; edota oyalean edo unaman urratu uts bat, eta aurki juan zitekean ontzia ur-azpira.

       Ibilbidea okertzean, zearo ondatu zala uste gendun. Oyalak lipar batez ura mosukatu zun. Ainbesteraño okertu zan ugiñen gañera. Bereala zutituz, ordea, aizea bildurik, gugana urreratu zan. Ontzi-gañean kuzkurtuta, erdi-etzinik, agiri zan Matxin. Gure ondora ziranean, unama bat jaurti zigun. Ontziburuan zijoan batek eldu ta lotu zun, eta, jauzi bizkor bat egiñaz eta aurreko muturra uretan sartuz, jarraitu zion ontzitxoak besteari.

       Begirariari jaramonik egin gabe, nasa-aldera zuzendu zan Matxin. Ugin orixkak erditik urratuz. Ortzea ta itxasoa alkartzen ziran tokira buruzki. Aren atzetik gu, aizea baño ariñago.

       Oartu ordukoxe, portuaren babesean utzi ginduan. Matxin-ek eta bere otseñak bereala bildu zituen aize-oyalak. Guk, berriz, bultzaka eraman gendun ontzia nasa-ezpañera.

 

 

III

 

ARRANTZALEEN LELO ASTUNA

 

       Irten giñan nasara. Baso-eleizatxora gutzaz otoi egitera juan ziran eskola-umiak zetozen garayan. Ao-zabalka zegozkigun begira.

       Ezagutzen zun Matxin-ek arrantzaliak antzinatik zioten gorrotoa, eta etzuan bere burua gaizkatzalletzat agertu izan nai. Ixillean ezkutatu ziran otseña ba biak. Sorbaldatik eutsiz esan nion ari:

       —Arrigarria da egin dezutena. Bikain jokatu zerate.

       —Bai. Ontzi ona daukagu; —erantzun zidan otseñak.

       —Baita ontzigizon ikasiak ere.

       Eskerrak laburki emanaz, nagusiaren atzetik aringa urrindu zan.

       Ez Miren-ek eta ez nere amak, etzuten artean, gertatu zanaren berririk. Etxera urbiltzeko gertu nintzan, ba. Arrantzaleak, ordea, arrenga asi zitzaizkidan. Euren artetik ez igesegiteko eskatzen zidaten. Gezurretxape-ra azalduko nintzala gabean agindu nien. Ez neukala orduan betarik. Eguneko goraberatzaz luzaroan mintzatu nai ziran, nunbait.

       Illunabarrean Miren-i gertaturikoa edestu nionean, batpatean zurbildu zan eta negarrari ekin zion. Arritzekoa zan, agian, Matxin-en egikera. Gañera, Jenobebe-ren senargayaren zorigaitzak biotza ukitzen zion. Aren adiskide kutuna bai zan.

       Nork eramango zion, berriz, Jenobebe gaxoari albista beltza? Miren eta ni abiatu giñan. Mutil ondatuaren arreba bat ere bai. Luzaro-n mirabetzan zegoana zan. Argi-torrera iristean, atea idikiz, Jenobebe bideratu zitzaigun. Sorgiña da, gero, emakumea edozeñen arpegian biotza salatzen! Aurki igarri zigun. Negarrez zotinka besteratu zun burua.

       Iru neskegandik aldenduz, Urbiztondo aipatuarengana jo nun. Aren itz-jario irrigarria! Emakumeen biotzberatasunatzaz mintzatu zan. Arpegi illunez mintzatu ere. Gizona ain tolesgake oartzean, irriparrea nun biotzondoan azka.

       Gezurretxape-aldera zuzendu nintzan illuntzean. Txaloka ta oyuka artu ninduen Larragoyen-ek eta bere lagunak. Oro itzalia zan ordurako goizeko ondatuen oroya. Olakoxea izan, nunbait, bizitza. Eriotzaren agiñetik doidoika igesegitean, zertarako gogoratu galduen zoria? Naikoa zun norberak bere zoriona antolatzea.

       Erdi-zoraturik erabiltzin edariaren indarrak. Goizeko gertaerak aspertze-arteño anei aldiz jalkiz. Etzuten ezkutatzen Matxin-i zioten bekaitza. Aren egiketa zerbait goratu arren, asmoa itxusikatzen zuten. Zergatik ote-zan? Zerk eraman ote-zun? Gu ondatzeko ustez joan ote-zan? Um...! Ez nuke ezetzik esango...

       —Ixilik zaudete. Gu gaizkatzea beste asmorik eramango al-zun, ba? —esan nien.

       —Nork daki, gero, Xanti; nork daki? —erantzun zidaten.

       Nork besteratu ayen iritzia? Ezta noranai erabil-erraza arrantzaleen epaya. Are gutxiago, berriz, euzko-arrantzaleena.

       Nere ustez, gizon kaskailua bai zan Matxin. Indarrari emana. Gauza onak eta gaiztoak bidenabar egin zezazkiana. Bearrezkoa ba zerizkion, etzuan arkituko iñor erailtzeko oztoporik. Ezta, orratio, aldarteak jotakoan, egite neurgabeak egiteko ere. Gizon zentzunduna ta ikasia zan Larragoyen. Oparo ulertu zitun nere gogo-barrengoak.

       Aiztu genuzen oro egun artako gorabera itunak. Alaitasunak gañeztu zizkigun biotzak. Ardaua gendun aizatzalle ta pizgarri. Ontzizayen artean eseri nintzan. Akeita ta pattarra aurrean.

       Abesti bat atera zun Xenpelar-ek. Zoratu arteraño erabili zuten lelo jakiña. Aspergarria zan, benetan. Etzuan abestiak ezertako zentzunik. Ala ere ezin agotik jaurti. Ezin uxatu burutik leloa. Ain zuzen ere, erri xearentzat zenbat-eta abestiaren muña txepelago izan, areago da gozo agorako. Ara abestia:

 

              Ni naiz kapitan piloto

              Neri bear zait obeditu.

              Buruan jartzen ba-zait neri

              Bonbillon bat eta

              Bonbillon bi

              Eragiok, Xanti,

              Arraun ori.

 

       Etzan atertu gaberdirarte iskanbilla. Abestu genuzan zortziko zenbait ere. Goizaldera mutilko gazte bat azaldu zan. Aizezko tramankulu bat eskuan. An nasitu ziran amar laterritako eresiak. Zortziko baten ondoren, «vals» bat. «Marsellesa», berriz, urrengo. Euzko-abesti alayak, azkenik.

       Edariak menderatu zidan neri ere burua. Erdi-eroturik genbiltzan danok. Pattarraren indarrak oratu gindun. Tabakoaren keak itxukatu. Antola nolakoak izango ziran eztarrietatik irtetzen zitzaizkigun edesti illun urratuak. Kale-zearka, ibil-ikaraz, doan moskorraren gisan, orain abestia asi ta batpatean bidegabe eten. Lelo berdiña asteko ausi, gañera, lengoa.

       Jarki nintzan noizpait eta etxera bidean asteko ustean, esan nien:

       —Agur, jaunak. Ba-noa.

       —Ez, ez —zesaidaten ao batez danak.

       —Ez adi joan, Xanti —deadar egin zidan arrantzale batek.

       —Joan bearra det, ordea.

       —Ori dek ontzizai eskasa aizana. Alde, alde ortik!

       Lerrenak egin genuzanean, irten giñan Gezurretxape-tik Euria ari zun. Nasa lokatzez betea zegon. Ni, berriz, etxera jo bearrean, nasa-aldera zuzendu nintzan. Errizayari eskerrak. Eztakit, bestela, noraño joango nintzan. Arek lagundu nindun etxeraño. Urrengo goizean, oartu ere gabe, nere ogean esnatu nintzan.

 

 

IV

 

MATXIN IGESI

 

       Etzagerkigun aspaldian Matxin-ek, ez neri eta ez Miren-i ajolarik. Etzan Luzaro-ra iñoiz jasten.

       Urreratuz zetorkigun ezkontza-eguna.

       Gau batez, etxeratzean, ateondoan Matxin-ekin topo egin nun. Nere zai zegon, nunbait. Ikaratu nitzan lenengoz; aitor bear. Zer nai ote-zun gizon arek?

       —Zurekin itzegin bear det —esan zidan.

       —Tira, ba. Sar zaitez etxebarrura —erantzun nion.

       Nerekin borrokatzera ote-zetorren bururatu zitzaidan aurrenetik. Ez, ez. Ezin zitekean. Bera baño indartsuago nintzan.

       Sartu zan eta nere aurretik igo zitun zurubiko mallak. Nere gelara sartzean, zurezko idaztitegian neuzkan idaztiak ikusmin zorrotzez begirakatzen zitun. Baita ormatik exegirik zeuden oyal margoztuak ere.

       —Zure amonaren etxetik etorriak al dira? —galdetu zidan.

       —Bai.

       Bigaren aldiz astiro begiraka ekin zion. Arriturik negonion begira.

       —Zuk esango dezu zerk zakartzun onera —jalki nion.

       —Oraintxe esango dizut. —Miren-en aitaren idazki itxi bat eskuratu zidazun.

       —Egia. Bai.

       —Beste idazkazal bat dakarkizut nik ere. Miren-entzat. Ez eman ezkontza-eguna iritxi arte.

       —Ez ote-da zure bekaizkeriren bat?

       —Ez, ez. Egon kezka-gabe. Bere senditik datorrela esan egiozu. Ustegabeko gertaera atsegiña izango da biontzat.

       Ikaraz artu nun idazkia. Bitartean ordea, Matxin gelako txoko guzietara, atsegin-itxuran, begira ari zan. Urrena galdetu zidan:

       —Etxian al-dago zure ama?

       —Bai.

       —Agurtu nai nuke, ba.

       —Ongi. Goazen.

       Nere amaren gelara sartu giñan. Matxin ikustean, biziki arritutakoaren gisan, bat-bateko keñua egin zun amak. Ezin ulertu nik zimurraren zergatia. Oso maiteki ta bigunki jokatu zan Matxin. Luzaroan mintzatu ziran biak. Egoneziñak zirikatzen nindun biotzondoan. Ulerkaitza zan neretzat Matxin-en oraingo joera.

       —Au dek aldaketa —nion nerebaitan.

       Etxetik irtetzean, nereganatuz, esan zidan:

       —Luzaro-tik urrutiratzera nijoa. Ez gera, noski, geyago alkar-ikusiko. Gorrotorik bai al-didazu?

       —Ez zergatiak ugari izan arren.

       —Ordun, agur!

       Eskua luzatu zidan. Baita nik ere nerea. Biziki estutu zun.

       Gelara urbiltzean, oso artega aurkitu nun ama.

       —Zer gertatu zaizu? —itandu nion.

       —Ezer ez. Nere anai Jon zala uste izan det, urreratu zaidanean.

       —Zer?

       —Bai, bai.

       —Ainbesteko antza al-du, ba?

       —Aren aurpegia berbera dirudi.

       Oso bakana zan izaeraz Matxin au. Joeran, tankeran, mintzoeran, ibilleran, lagunekin. Danean. Zerbait ba-zun oargarria.

       Jazokun au gertatuz geroztik, zenbait egun joanak ziran. Udazkeneko egunsenti eder orzkarbi batean ontzitxoa, nasa-ezpanetik askatuz, itxas-erdira zuzendu zun Matxin-ek. Morroyarekin. Orduerdiaren buruan itxas-ganduak estali zitun urrunera. Joan dira arrezkero egunak. Baita asteak ere. Igazi dira urteak. Ez, da, ordea, aietzaz ezer geyago jakin dun gizonik.

       Iritxi zitzaigun ezkon-eguna. Eleizatik amaren etxera urbildu giñanean, Miren-ek urratu zun Matxin-en idazkazala. Ingi-mordoa ixuri zan mai-gañera. Garatz-txartelak ziran. Meatz-bazkunetako txartelak; Laterriaren zor-txartelak eta abar. Ua zan dirutza! Idazti bat oartu gendun ingi-tartean. Ara zer zion.

       «Nere Miren maitea; Zure sernagayak lengo batean nere eskuetaratu zun idazkiak ustegabeko gauza bat azaldu zidan. Zu ta ni senideak gerala. Aita baten seme-alabak. Ainbeste gorrotatu dedan Xanti bera ere nere aidekoa da; ia senide.

       Agirre'tar Jon-en semea naiz. Nere amonaren etxean mirabetzan zeguan neskame bat det ama. Ez diot iñori egotzi nai izan dedan zabarkeriaren ogena. Nere zorigaitzaren ondorengo utsa da.

       Gizon gaizto ta biozgabetzat joko nazute, agian, zuk eta zure senarrak. Ezin nitekean bestelakoa izan. Doakabe uts bat nitzanean, ostikoka ta ziztaka erabilli naute ingurukoak. Altsu izatera iritxi naizanean, urrekoak makilkatzea ta irainkatzea zitzaidan atsegiñen.

       Zoriondunen indarra ta ondasuna. Gogoaren gaxotasuna, berriz, bekaitza ta ituntasuna. Piztiak alkar ozkatzen diran arpetan luzaroan burrukatu diranak, kutsuturik daude. Nola diteke gizon guziak osasundunak izatea? Ez eta ere, ezin diteke, guziak onberak izatea. Ni beinzat ezin neiteke izan oraindio. Orregatik bidaltzen dizkizut, nere arrebatxo orri, ondasun oek zure ezkon-ondaretzat. Au da nere zitalkeria. Au da zarpilkatuaren iraña. Zornedunak osasundunari dagion iraña. Sendiko senide kutunari, erukarri ostikopetuak damaion zigorra.

       Agur, arrebatxo maitea! Zorionak!

Jon»

       Idazki au idaztean, Matxin negarrez jardun zala errazki igarri zitekean ingi gañean: Arras zimurturik zegon. Ixuritako malkoen kutsua an ageri zan.

       Gure arerio purrukatu zan Matxin, batpatean lagun biozti ta senide maitale biur zitzaigun.

 

(AMAYA)

 

 

PAPINI-REN IRUDIPEN-AMESAK

 

 

I

 

       Bai al-du iñork gerokoaren ateak idekitzeko giltzik? Ez dek nornairen aala etorkizunaren illunbea argiz urratzea. Jaungoikoagandiko igar-aizeak eragiñik aintzinako igarleak arnastutzen ziaten etortzekoa. Aiez gainera, nork? idazle zenbaitek, orraatik, barrundatu izan diate iñoiz gizadiaren bidean argi-nimiñotxoa. Izpi-txirrixta utsa izan arren, igarletzat jo ditzagun olakoak ere.

       Verne idazleak orain berrogei bat urte sendu zizkin bereziki gizadiaren oraingo aurrerakuntza zenbait. Oraingo azpi-ontzien murgil ariñak ikusiki, nork aantzi «Nautilus»en iger-ibillak? «Aste batez oial-egazkinean» irakurtzean, gaur-eguneko txori egazkiñak zizkin Verne-k ames. Lurretik illargira ere gizonak iritxiko eztiranik ezin esan. Igar-indarrak aizatu zin, naski, idazle onen mena.

       Orain, ordea, beste idazle bat zekarkit igarletzat. Gerokoan zerbaitxoan usnatu nai duna. Bidez gerta leikeana zerabilkik. Sekulan egiztatu ezik ere, irudipenari damaion atsegin-irri goxoa bedi arinkeri txoroen parkabide. Ator, irakurle. Goazik idazle aipatuaren eskutik. Aitatu dezadan, lenengoz, nor degun eskuko adiskide ori.

 

* * *

 

       Giovani Papini. Ezaguna dezu, noski, idazle italiar au. Aintzina Kisto-ren izena gaizki-esaka erabilli zuna. Gerora aren aldeztzalle gori biurtua. Papini-ren antzeko izaerak, ain zuzen, ez dute iñoiz erdiperdika eskasean tinkarik egingo. Edo-ta, sapelaitz gisan, goien goienera egazka igoko da; edo ta inpernu leizara irrixtaz labainka jatsiko. Aldeztzalle beroa ezpa-da, biraolari porrokatua izango da.

       Etzaigu agertzen Papini, idazlanetan, or-emen errezki bilduriko jakin-lore merkeak zaparradan ixuriz. Ez da ere, ez, jakintsuenetakoa. Bai, orraatik, elertilari trebea; bai ertilari iaukala; bai gizon bioztuna. Itzak eta oldozkunak sutegitik galdatan ateratzen ez du parerik gaur. Itz lazkarrak. Aiztoaren zorroztasunaz dezteratua idazkera. Baño eder-eguzkira egoak urreratzean, nork uki biotza ain eztiki, nork irebazi irakurlearen gogoa ain ustegabean?

       Gaizto-bidetik uskurtz-aldera barrutiratzean, gartsu jaso zun, oi bezala, itza. «Storia di Cristo» da onbidean argitalduriko idaztia. Kisto-ren aintzari; Kisto-ren aldezkari; Kisto-ren ezagule goxo; Kisto-ren izaera eztiki ta maitegarri azaltzen zakiana ager zitzaigun.

       Gabetik ez dator, ordea, batpaten eguzki-lanbroa. Egunsentia bear, alegia, bitarteko. Papini-ren adimenak ere bear zun bitarteko ori. Geldixeago ta sakonago oñak eta erroak lurperatzeko. Kisto-ren goratzalle xamurra urte biz izana, joana al-degu berriro ondabidera laprastka? Erukarri utsa! Ez da luzaroan gaiztoan tinkatuko, nik uste. Zorigaiztuna litzake, bestela, gogo gartsu ua.

       Bigarren gaiztoaldian argitalduriko idaztiak «Itzak eta odola» darama idazburutzat. Irri-eztenka zulagarria. Gaizto-menak dabaril berriro sutan or.

       Irakurlearentzat orain dakarguna «Gog» deritzaion idaztitik artua det. Esanaz naikoa ta geiegi, noski, Papini idazlearen ezaubidetzat. Aurre-itz luzetxoa. Parka, irakurle, ta eskeini eskua idazle goxoari. Barrengo su-indarrak ezpa-lebaril ara ta ona, ez luke, nere epai xixtril ontan beintzat, parerik. Goazen aurrera.

 

* * *

 

       Wells ospetsuaren etxean sartua nauk. England-en diran idazleetan goratuenetakoa dit bekoz-beko. Gijoazkion, bada, ondora iritzi-eske. Orra, ordea, nere itzotsa oartzean, Wells gizagajoa, itz-iturria batpaten askaturik, ugalde laisterra jaurtiz. Izperkari naizelakoan dik olako itz-etorria. Nolatan atertu erauntsi izugarria? Era ontan ba datorkioz oldozkunak lorez jantzirik lumara, ez dek onentzat eginbear zalla idaz-lana.

       Ara nola mintzatzen dan larruzko arki lasaia nigana urreratuz: «1866-garren urtean Bromley-n jaioa nauk. Gaztetan andere-jantzi ta bitxi-saltzate saltoki batean morroi izana. Geroago asia nauk ikasten. 1886-garrenean eraldu ta atera nin nere egunkaria. Berton argitara ere lelengo idazlana. Socrates-en buruz ain zuzen ere».

       Orrela dijoa gainbera Wells-en itz-jarioa. Nor naizen adirazi bear ixillarazteko. Ez nebillela bere bizitzako goraberak biltzen. Ona emen jaulki didan erantzuna: «Zer nezake, bada, nik zutzat?»

       Wells au gizon lodizki sendo bat degu. Itxuraz baserri-aldean bere ondasunak pake sainduan erabilliz atsegintsu bizi danen bat dirudi. Tankera utsez ezin somatu iñork idazle-gogoa. Ondo jana; arpegi borobil osasuntsua. Ez darama olerkari-antzik larru-azalean. Ez du irudipen ameslaririk ageri mintzean. Gaztetango bitxi-zaltzalleak diraula oraindik ere soin-barrenean, esan bear.

       Izan ere, aintzinako kapel bitxiztatu ta edergallu zuri-gorrien ordez, idazle merkeak saltzen dizkik. Jakin-ames solairu-gabeak; berrikeri txepelak; igande-arratsaldeetarako ipuñak; zizka-mizka txoliñak.

       Itz-ugaldea atertu ondoren, ara nere eginkizuna azaldu. Europa osoa zearkatuz nerabilkiala. Jakinai berezi batek zirikaturik, gañera. Gizadia noragiño doan jakin nai. Gerokoaren ateak zabaldu nai. Etorkizunaren illuna urratu uste. Gizadia aurreraka ala atzeraka doanentz ikasi nai.

       Itz oek entzutean, saietsean ezpareak miztokatu ba-lu, ez uan erneago jarkiko ta zutituko. Asia degu berriro maldar-beera Wells iztun errexaren itz-jarioa. Oraingoan, ordea, jakingarria da jaulki diguna. Lotu bedi, alere, urrengorako.

 

 

II

 

       Etorkizun-itza entzutean, larru-arki atsegiña urreratuz, ezpain-artetik itz-ugalde azkarra ixur-zorian, utzia genun Wells giza potxolo goria. Au berau degu izle ta kontari. Papini aipatua bitarteko. Ez det onen edestia itzez -itz beretik ateratako ari-albañuz josi. Ango muña ta mami-biotza nereratu baizik. Wells mintza bitartean, gagozkion aogoxo ta belarri-erne. Oar, irakurle, gorengo idazleak ere ez dutela artillearen igortzi biguna besteen lanak epaitzean. Ara, ba, Wells-ek esana.

       Gerokoan usnaturik etorkizuneko lañoak urratzea da neretzat zereginik atsegarriena. Etortzekoa argiztutzea. Lan ontan ez dit nere errialdean iñork tutururik jo. Ez det ortan berdinik. Iru izar ditu England-laterriak elerti-ortzean dirdai-zabalka ageri diranak. Aberri-elertilariak irurak. Bakoitza bere erara, ordea. Kipling, oleskari; Show, parreragille («clown» da euzkeraldu dedan itza. Bernard Show-k ez ote-du besterik merezi?); eta irugarrena ni: iragarlea.

       1901-garrenean argitaldua da nere iragar-idaztietan lenengoa. «Anticipations» idazburutzat daramana. Arrezkero orixe izan da neretzat jardunik gogokoena. Jakintzazko iragarpenak; izar, bizitza, guda ta gizarteko iragarpenak. Ez da nere begiratu zorrotzak zulakatu ez dun arpe izkuturik. Goragokorik al-dezake ezer giza-adimenak? Aintziñetazo uskurtzak ere iragarkiak zituzten solairutzat. Berdinki sinesgabeak; baita ere judearrak. Otswald-ek eta Poincare-k erakutsi ziguten jakintzaren elbururik bereziena auxe dala: gerokoen argi-urratzea. Nerera jo dezagun orain. Nere izena aintzatuz darabilkienak ere berorrexegatik darabilkie. Elerti-saltokietan nere iragarpen-idaztiak ildoa trebeki zulatu dutelako.

 

* * *

 

       Ara nola etetzen dion urrutizkin-txirriñak Wells-i itz-zaparrada atergabea. Zenbat itz? —otsegiten dio olerkariak urrundiko jarduleari. —Noizkorako? Ongi. Datorren orrilla-25-rako sei milla itz. «Well, good bye». Agur.

       Eta bere artan nigana itzulirik: —«Westminster Gazette» deritzaion egunkarirako iragarpen bat eskatu didate. Ara or; irakurri ezazu. Jakin-mina zirikatu-arazi baietz. Ots! Ez dezu irakuri bearrik. Or agertzen ditudan oldozkunen muña ta biotza mintzoz neronek azalduko dizut.

       Berriro ere onelaxen darrai Wells olerkari ameslari ta asmatzalleak.

 

* * *

 

       Oraingo gizadi au erdiratzen denerako, guda izugarri bat sortuko da. Laterri geienak naspildu ta alkarrekin korapillotuko ditun guda erdiragarria. Laurdeneragiño urritu ta eratxiko du gizadia guda onek. Aize-aldean borrokatuko dira alkarrekin gizonak eta laspel-ontzi galgarriak izango dituzte izkillu. Izkillu oekaz ez da izango gudarien eta beste biztanleen artean ezertako alderik. Zokondo guzietara iritxiko da triskantza illuna erio-egoak bildurgarri nunai zabalduz. Ludiko uririk nagosienak eta aberatsenak auts biurturik lotuko dira. Erri txikiak ere oro xeeturik eta biztanle gabe. Ikastetxe nagosi ta aztetxeak azpikoak gain iraulita. Lantegiak gaulapur beltzen aztaparpean.

       Lert-gai ta laspel erio-banatzalle guziak amaitu arte, ez da guda izugarri au azkenduko. Lurbira osoan bizirik lotuko diran gizon pitinak eta aldra eskasak ez dute tankera alaigarria izango. Zurbil; goseti; sorgin-itxuradun. Zugaitzen gerizpeetatik irtendako pizti izutien gisako basati utsak izango dira.

       Jakitunen ondorengorik ez. Etxe-eraikitzilleai eta injenieroai ez deitu etxe zartakatuak berrizteko ta berriak jasotzeko. Ez dezute ludi osoan olakorik dezakenik oztopatuko. Baso-piztien antzera lurraren zearka dabiltzan basatien adimenera ez da jakite-izpirik iritxi. Ez dituzte azaletik baizik ikusi gizadiaren aurrerarakuntzak eta bide berri urratuak.

       Triskantza izugarri artatik osorik irten ziran tresnak amaitzean, nun berriak egiteko gizonik idoro? Oraingo makina ugarien beso biurri ta soin dirdaitsuak eremu-gañetan erio daude gorniak jota; sabel mazpilduan dagerre erio-aztaparraren zulatua. Ondakin oek alkar josiz berririk egingo luken joslerik ez da azalduko ordea.

       Gizadia amaitzerakoan basatitasuna, txirotasuna ta ezereza izango da lur-gañean nagusi. Oraingo larrañak landugabe; basoak txaraka-zulo; baratzak larmendi. Ondasun guzi oen jabe zan gizona, berriz, or-emen taldeka. Gorroto-sua begietan; aora daramakien janaria alkarri muturkatuz; zarpilkeria soñean; ezjakina adimenean. Piztien biziera.

       Au zorigaitza! Berrogetamar urteren barruan ikusi bear ditugunak! Jakintza-aizeak puztuta arabilkinan, Europa ederretsia; ta aberats-urretan bilduki burua agertzen dekanan, Ipar-Amerika txoragarria; ez dezute izango aurki gaurko-antzik. Zuen semeak gaurko edertasuna ta jakite-argia zearo galdurik, aintziñako auzo-aldren oñazpian atera bearko dute laster bularpetik asperenka larria.

       Ara, berriz, ordun berriro gizadia leiza-ondotik nekeka aldapa-gora jakite-eguzkiaren mosu-billa. Maiz gizadiak egin dun ibillia. Mendi gallurra jotzean, irristaka zokondora; atzera goraka-bidean asteko. Iruin dun aria askatuz, leengoa berbera iruiten berriro. Gizadiaren zoria! Arrokeriak jota abillenean, etzaik izango oldozkun au gañezko.

 

* * *

 

       Egiztatuko ote-da iragarpen illun au? Ez da larzozoak esana aurrekoa. Wells ospetsuak Papini-ren aotik diona da. Ez dizkiguste ortze-aldean lañoak argi ipiñi. Ez ikaratu orde, irakurle. Ixuri ixillean kolkora zure epaia. Lipar batez badarik ere atsegindu ba-zaituet, ara ni biotz-pozez beterik.

 

(AMAYA)

 

 

ERRUSI-KO ZABALDIETAN BARRENA

 

 

I

IZUA ORO

 

       Ez bildurtu, mutillak. Boltxebitarren artean gaituk aldi batekoz. Ez ikaratu, orde, irakurle. Gure oinkaden aurretik bideak urratzeko bide-erakuste yayua digu. Izle goxo ta idazle atsegarri bati dagokionez, irriparka ta eskurakoi eramango gatzik. Angoen berri ikasia dek bertan ibillirik. Garcia Sanchiz españarraren agotik entzunak dizkit dakartzkidanak. Aren ezpanak erabil oi dituen oparotasunak eta urre-lorak iñausi ditzadan. Ez dit ortarako astirik; ez tokirik; eta... ez bearrik ere. Itz goxo aien muiña xurgatzen, ausiñaren antzean, alegiñak egin bear. Zein ez dek ango berrietzaz jakiteko gogo-zirikaz? Ara bera mintzatzen.

       Laterri-mugetan barrena sartzeko ez digu eragozpen aundirik topatu. Beste edozein laterrietan ipintzen dituen oztopoak. Gure joakera aurrekoz gaztigatua ginun. Emen zetorkiguk bidera gizaseme ikusgarria; soñez aundia; gerrirañoko bizar erdi-zuria; txano antzeko larruzko estalkia buruan. Gure lotukiak eta bideko tresna guziak arturik, an zeramatzik etxe kaxkar batera. Bai barrenak azpikoaz gain zuur astinduz zarpikatu ere. Biguñago zerabiltzik eskuak emakumeak. Ez dik ark ere zokondorik begiratu gabe utzi. Leendik generamakigunaz gañera, beste diru-mordoxkatxoa rubloez (ango dirua) aldatu digu.

       Goazik bultzira. Tren-burdiak txukun eta garbi agertu zaizkiguk. Ta burrunba-otsean bildurik Leningrado-ra bidean goatzik.

       Leningrado! Aintzinako Snt. Petersburg! Kzarra eta kzare bere kolkotxoan zeduzkan kabi txoragarria. Emen erail zizkien boltxebitarrak senar-emazteak eta aien semeak. Emen tiroz eten ziokan bizia Yusupor errege-gaiak Rasputin maltzur aipatuari. Emen asi ukan eguerdirantz erne jeikitzen Lenin-en eguzkia. Emen jasotzen dik arro zerurontz bekokia Kepa eta Paul deunen guda-gazteluak. Emen...; baña goazik gerera jakin-ostoak zaparradan aspergarri ixuri gabe.

       Leengo narotasuna galdu dik orain uri onek. Antzinako aberastasunen ondoxketan erdi-bildurik dagola zirudik. Orduko aunditasunik eta urre-dirdairik etzagerrek. Orain zarpilduki ta arrataz josirik dakusgun jantzi-ondarretik leengo edertasuna usmatu bear.

       Oñak lurreratu orduko, ba-dizkigu urrean berrogei zalpurdi-zai buruari eragiñaz burdi-eskeinka. Antola zein ezi-kaitz diran burdi-zai oek. Langille guziak sindikatoetan alkartu-arazi nai boltxebitarrak eta alegiñak eginda ere kofradi berekoi ontakoak leenean tinkatuago jarrai. Etzizkien leengo joeratik egundaino atera. Ez dituk nolanaikoak, gero, mutil oiek. «Adi ezak i, zaldi-zai, Europa-ostatu-etxera goatzik».

       Aurreko aulki-galdorrean erdi-zutik gurdiaren tarrataz balantzaka, gaztaña-adaska baizen gorputz-aundi, bere bizar luzeaz aita-Olentzaro zirudin, jostallu-bitxiz zalpurdia gañezka deramala. Begien aurrean dijoazkigun etxe guziak argizari-margoa zedukae. Gure mendietako bei gorrixten antzeko bellegitasuna oro.

       Pozkarioz artua ginun etxe-barrua, edur-maindirapean estaltzen asi dituk, ba, tellatu-gañak. Berokiñen arrimora ezti zaiguk jatetxe-magaltxoa. Garbi-itxura danean; kaleko margo gorrixta berbera ormetan itsatsiki. Zurubiaren beera malmuko ikaragarri bat zetorkiguk bidera. Gure bide-tresnak lepa-gainean arturik, aurrean goruntz zeramatzik. Ba-ginuen lexibatu bearra ta, ezkotu diagu ur epelez soña.

       Baña... ze tximixtazko kedats nazkagarria dek au? Arrain usaia! Sardiña zaarren gisako kedatsa zeritek legortzeko zapiai. Bai nik zerena zan bereala usmatu ere. Tximista gaitza! Stalin porrokatu orren diru-gorde bearra! Arrain-olioz egin diate nunbait jaboia ta berorrekin zapiak eta oialak garbitu. Muinetaraño barreneratzen dan kedats mingotsa! Gabean nork burutu oeko mandirepean?

       Aspalditik erri onen berri jakiteko amesetan giñan ezkero, ezin egon alperrean. Otordutxoa egin ondoren, berela kaleetan-barrena gaituk ikus-erne. Gu garamatzin zaldi-aztaka otsera ta gurpillen gaitzairuzko uztaiak arkoskoetan dagien zaratara, bide-erditik zijoaztenak alderatzen itukan ibil-bitartean gurdi-zaiarekin garraxika mintzatuz. Baita onek bereolaxen jaulkitzen zin erantzuna. Ezpai-genian tamalez ulertzen zer zesaioen alkarri.

       Etzoazik langilleak eskale-antzo larru-azalka. Eztaere dotore ta apain gisan. Guziak txiro; guziak berdin. Alboetako etxeak arpegi zikiña zeukae; leioetako leiarrak zuloz naiko saretuak. Kooperatiba-saltokien ate-ondoetan emakume ta gizon-erreskadak janari, oski ta jantzien zai. Kale-erdian beargiñak aruntza ta onuntza atergabe. Ituntasuna, legorra ta zekena nabari diagu or-emen. Añartean atsedengabe joan bear dunaren asperra. Ezpanak eta agoa ezotzeko ur-txirristarik somatzen ez dunaren oñazea.

       Museo-ra zuzendu dizkigu leenen gure oinkadak. Au jendearen piloa! Ez al dek arritzeko? Museo onen ateak antziña ez itukan iñoiz idikitzen erri soilarentzat. Aundizkientzat ere noizpenka baizik ez. Olakoetan ere bakanka ta jantzi bereziz joan bear.

       Orain ateak zabalik zeudek beti. Ikusgai oetara zaletu nai dizkiate boltxebitarrak beren langilleak. Ortarako jarririk zeuzkae agerle ta adiratzalle bereziak. Olango azalbenen aurrean lasterra dik, orraatik, eriak arrausia. Gure antzeko erbestearrak aretora sartzean, arin ao-zabalba begiratuz, burua atzeratzen diate. Gogoaren atsedena! Emen ikusi dizkigu erregeen aldiko kutxa bitxiztatu, txirlarri, diamante-bitxi, zurezko ederlan, arki, mai, oyal margoztu eta abar oparo ta nai bezainbat. Erbestearrai arroz erakutsi ere kzarrengandik arturiko aberas-ondartxoak.

       Baitetxera bidean jarriak gaituk. Etzegok an ikusibear arrigarririk. Ormatarte aietan otzikaraz dardarika gabiltzak. Barren illuna, otza ta ezkoa. Gela estuak eta burdin-ariz sareturiko leyo-zirritu utsak. Burnizko ogeak; arkiak eta maitxoak ere bai. Etzeukate ausi bildurrik.

       Ara gauza aitagarri bi. Bazter guziak argizarizko irudi-bitxiz josita zeudek. Begientzat ikusgarri ta gogorako ikasbide. Beste baztertxu baten aintzina eleizatxoa zan aretoa ageri dek. Kendu ziote orain eleiz-usaya. Siberi-ra epaiturik zijoaztenak emaztetxoarekin joateko eskubidia ziaten. Ezkongai ziranak eleizatxo orretantxe ezkontzen itukan. Biotzeko maite-usoa alboan zeramakitela zigorraldi ikaragarri ua ariñago ta atsegiñago iduriko zitzaien, nik uste.

 

 

II

STALIN-EN AGINTE-PEAN, MOSCOU

 

       Boltxebitarrak agintzen duten ezkeroz, Moscou dek Errusi-ko urien buruzagi. Lau milloe biztanle ba-dizkik. Kremlin-jauretxeko dorrearen bekoki-erdian zegok Errusi-ko begi ikaragarria. Aren begiratu zorrotza, izagarria! Beti zabal, beti esnaa, beti erne; iñoiz ere ez zabar eta loale. Ez dek ezer aintzinako ziklopeen begiratu asarrea gaurko onen ondoan. Begi orrentzat ez dek Errusi-n ezkuturik eta noiz-nai azpikoaz gain iraultzen ez dun zokorik. Ez beza iñork txintik atera; ez begi iñork kurruxkarik. Ez dek izango giro, bestela.

       Stalin porrokatua dek begi bildurgarri orren jabe. Errusi-ko zabaldietan barrena biurrika ta ziztuka luzatzen den suge-soña dik buztantzat. Errizayak eta guda-mutillak alkar josirik iruin duten sarearen pean ixil eta mutu egon bear erri gizagajo onek. G.P.U. deritzayon errizaien begiak irixten eztiran bazter gibelik, eztek.

       Ez diate nai boltxebitarrak beren inguruan erdi-merdiko gizonik; aldezkari porrokatu utsak nai dizkite. Orra Trotzki aspalditik arerio zitaltzat joa. Siberi-aldean malkoak bakarrean txukatu bearra dik. Trotzki-ren izen ondarra ere ixilpean aaztu ta il-arazi nai diate. Bai lortuko ere oraingoz.

       Stalin! Galtzairuzko gizona zagerrek izen-orde onek. Atera ortik nolako atzazalak izango ditun. Erdi-ikasia ta letra-gabea izan arren, ez dek txantxetan artzekoa kaukasiar biurri au. Aurtxoak gaberdian ontzen auspo-otsari baño bildur biziagoa ziote errusiatarrak gizon oni. Ez dek an berak daramatzin ugelak eta agokoa ausiko ditun moxalik. Etzegok ori uzkaili bildurrik. Ezin zezakian Lenin-ek izan ondorengo egokigorik.

       Boltxebitar oek beren kontura ipiñirik dauzkaten ostatu-etxe batean izan digu bartko atsedena. Ez ginun biguna oeko lastaira. Ezta ere oe apañak. Zurezkoa ta motxa bat; burdiñezkoa ta zearretakakoa bestea. Alere laisterra izan ginun gure loa. Gure etengabeko ibilliaren sari goxoa!

       Orra aokadatxo gozoa gosaltzeko. Gaztaya, erle-eztia ta... arrautzak. Baña, arrayetan, arrautz oek austean... a ze erauzte buztiña ta geldia zuten! Ez al-dezute ikusi iñoiz erdi-erioan aker zaarak biali oi duten zear-begiratua? Alaxen lertu uan azpillean eme-eme gorringoa. Pufff!

       Ogi ezkoa, bustia, beltza ta ore-gisakoa. Ukabilla sartzeko adiñeko zuloak ba-zizkin mami-tartean. Gure layotz-aldeko arkaitzetan jayotzen den oroldioren bizkia zirudin. Dasaigutenez, langilleak txokolatea dite janaririk ugariena ta atsegarriena. Urritasun au etzetorrek ango lurren zeken eta antzu-izatetik. Bai zera! Baña an biltzen dituzten onentxoenak era guzietako makiñen truke erbestera biali nai dizkite. Ango egur, gari eta petroleo-aberastasunak ez dituk naiko beren eroste-amesak betetzeko. Era guzietako tresna ta makiñarien bearra baidite Stalin-en aurre-iritzia jasotzeko.

       Erriari ipiñi diozkaten eskasak eta baruarrak gozatzeko zeuzkae jolasaldiak eta egurastaldiak ugari ta eskura-errez. Antzokietarako sarrera merkea det. Norbaitek esan zin Errusi-ko langilleen opioa antzerkiak direla. Ondo esana. Onelango egurastaldi ederretan usten dizkite lan aspergarrietan biltzen dituzten amorrazioak. Lanaldia amaitu ondoren an zoatzik aldraka antzokira. Gu ere bai aien tartean. Etzegok aukerako jarlekurik. Guziak naasian. Gure alboan neskatx batzuek sagarrai ozkaka ari dituk eta azkenengo mutxikin ondarra lurrera yalki diate. Noizpenka sakeletik ateratako orraziz buruko txima sastarrai orraztaldi bat zemaioe, alkarekin garrasika mintza bitartean.

       Antzezki polita, orraatik, ikusi genduana. Remski Korsakof-en erestaldi zoragarria. Arrigarria gure alboetan nabari degun txirotasunetik antzestaldian oartzen degun aberastasunera dagon bitartea. Begiak asetzeko ta gogoa atsetzeka naiko dizkik aberas-pitintxu oyek erri gizagajo onek, nunbait.

       Kalean gaituk berriro, bazterrak ikusi nairik. Gure aurrean bikote bat zijoak. Guda-mutillak zirudie atzetik ikusirik. Gauza aitagarri bat oartu dit biengan. Alkarri zirrika maite-jostetan ba-lebiltz bezela, eztiki ta gozoki mintzatuz zijoatzik. Txikienari, soña makurtuz, bestea labainez ondoratzen zaiok! Ez dizkit nik nere errialdean guda-mutillak onelan alkar maite-maxiatzen ikusi.

       Ontan, ordea, gure erbestear itzots ozenera, buruari atzera eragitean, gure ikusnaya bai ase bear, arraietan! Txikiena nexka gazte xalo ta liraña uan. Eta bai txairo zeramazkila neskatxak guda-jantziak! Prakak, txamarra luzea ta txapel-txatala. Ez izan nik gogoan boltxebitarren artean emakumeak ere gudari izan ditezkela. Senar-emazteak ote-ziran? Ala, ezkongei-maitariak?

       Eunka gudari zekusazgu kale-zear. Garagarrillean erleak erlauntzian burrunbaka, aztoaturik, sartu-irtenka ibilli oi diranez. Oinbeste gudarien pean zapaldurik dagon erriak, nola marrurik jaso? Nola txintik atera?

       Gizonak eta emaztekiak eskubide berdiñak zeduzkae. Ezkontza maxiagarria ikusia ginun. Etziaten neska ta mutillak gureak gogo-barrenean duten ames zoragarririk. Ezta-ere aurretio luzaroan eztayak gertutzeko kezketan betazalak erre bearrik.

       Zeregin oetarako ango erri guziak dite landola berezia. Tira, ba. Ba-zoatzik senar-gaya ta emazte-gaya landola orretara. Mutilla zarpil jantzirik; beste edozein egunetan bezela; lan-egunetako soñekoz. Neskatxa ere berdin. Eguneroko gonaz ta sorbalda-gañean artillezko estalkitxoa deramala.

       Bi edo iru ezagun atzetik laguntzale. Eman beren izenak eta rublo bat (ogerleko bat urrean) luzatu ondoren, buztartuak zeudek gazteok. Une artan alkarri begiratuz, bialtzen dioten irripartxo ezea dek eztai ortako poz-amets dana. Somatu nolako legorra dan.

       Oartu, orde, emengo neska ameslariak eta mutil zoroak. Alkarrekin bizi izaten bereala aspertzen ba-dira; alkarren artean zerikusirik iza nai ezpa-dute, gaztigatu noiz-nai aitaturiko landolara ta nai danean ezkon buztarria askatua legokek. Beste maite gisagokoren baten billa jun bear.

       Esi gabeko maitakerietzaz mintzatzean, alde oetako mutil eiztari zenbaitek buruan zoro erabilli oi dituzten ametsak, sultan-amets biurriak! An oartu gendun maiteak ez dik, orraatik, emengoaren ederrik. Maite legorra dek; asetzen ez duna. Antola mutillek. Berdiñekoa dek emengo nexka bigun eta goxoen gogo uskurtzalea ta sendi-barruan semetxoen ezpan gorrietan loratzen dan urrezko irpartxo paregabea!

 

 

III

OITURA AITAGARRIAK

 

       Aitagarriak dira, benetan, Dostoiewski, Tolstoi eta Gorki idazleen izenak. Aintzinako Errusi-ko elertilari aipatuengandik gaurko kaxkarrengana dagon aldea!

       Areik elertian baizen nagusi ziran gizatasunean ere. Agintari biozgabeen pean zutik eta buru-tente ibiltzen ikasiak. Zigorrak etzituan kikiltzen; ez gogo-kuzkurtzen. Beartsuen alde jokatzen ziran beti; negartiengan urrikalkor; nekazarien laguntzalle. Errusi-ko erregea ta bere kide ankerrak erri gaxoa, zaldun zitalak muxal gaztea antzo, zartaka erabillenian, izendaturiko idazleok arro jarki ziran. Beste utsune batzuek eukirik ere, onexegaitik zaizkigu begiko.

       Leengo agintariak aginte-aulkietatik uzkaill zituan itxuslakundearen ondoren, beste agintera leunagoa ekarrela boltxebitarrak uste bear. Baña, bai zera! Leen baño ere okerrago orain. Zigorpean indarrez menderaturik dauke erri goxoa zirkiñik egiteko bide gabe. Miña ao-sapayan josita euki bear.

       Gaur eguneko idazleak eta elertilariak landugabeak, sastarrak, zarpillak eta lazkarrak dira. Okerragotzat jotzen deguna, berriz, agintari biozgabeen azpain auspez dabitzanak lotsagarri. Idazkeran edertasunik ez; joeran zutitasunik ere ez. Vedni-ren saguzar-egada, sapelaitsen gisakoa iduri zaye.

       Aize guztietara zabaldua da boltxebitarrak uskurtzai dioten gorrotoa. Gaztetandik ezjakite beltzean azten ditue mutil eta neskatxoak. Gizonaren biotz barrenean Jaungoikoaren izena bera ere erroetatik atera nayean gazteak ezjakiñean lotzen ditue. Asma, irakurle, noraño doan boltxebitarren gorrotoa.

       Uskurtzaren aurkako museo bat daukae Moscou-n. Areto, zabala. Ormetatik exegirik milla marazki ta oyal margoztu. Or-emen naasian mai-gañetan eta zurezko zoruetan irudiak zutik. Marrazki ta irudi oyek irribide ta farrabidetzat jarriak dira. Ikusi katolikoen oiturak itxuskatzeko buruz, nolako pitxi irrigarriak ipiñi dituen.

       Espani artu du margolariak katolikotosunaren lurralde jatortzat. Esan bearrik ez boltxebitarrak gai onetan (katolikotasun-gayan), Euzkadi España-ko mugen barrutian josirik daukela. Senidetzat jotzen dituela. Diodan marrazki orretan iru apaiz ageri dira. Sagardao-upelaren antzeko urdail eta sabel borobillaz, lodiaren-lodiz, lertu bearrean bat. Beste biak alboetatik esku betez lukainka ta odolki pilloak ekiñalan aoratzen ari zaizko.

       Ondoko marrazkian, berriz, ibildeuna agiri da. Eleizatik apaiz eta lekaide erreskadak irtetzen luzeran zearretaka. Papar lodiko lekaideak, borobillaren-borobillaz balantzaka pirritan asteko unean, ibilli eziñik. Or-emen tarteka gangar-luzeak; buruagaz izarrak ikuitzeko besteko zintzur amaigabea dutenak. Parregarrizko esakunak azpian. Onelaxen irrikatzen ditue uskurtz-oitura guztiak.

       Europa-ko laterri aurreratuenetan ez dek txanketakoa auzipean korapilloturik ibilli bearra. Bateko, legegizonak legeai billakatzen diezten zokondo, leiza ta besapeak; besteko, bein-beineko epai-maiak; urrengo, goragoko epaikariak; eta, azkenik, guztien artean auzi-etxean eraikitzen dituen ingi-tontorrak. Iguingarri, aspagarri ta urrea ugari atera bearrekoa da auzipean ibili bearra.

       Arlo onetan erusitarrak beste laterrietakoak baño aurrerago zoatzik. Auzi-etxea ba zeukae; baita ere epaikariak. Bertan duten epailaririk zuzenena ta apaituena, nor dala uste dezute? Emakume bat. Aintzina jantzi-garbitzalle izaniko emakumea. Bein-beinian epaya egoki azaltzeko ez dik emazteki onek parerik izan bear. Etzeukak, orde, ortarako titulu ta jatorri-arroz garrasirik jaso bearrik.

       Alkarren artean gizon bik asarrerik ba-dute bijoaz arin epailariengana. Esan bitzate mintzoz bakoitzak bere aldeko zergaitiak. Gizon berezien laguntzarik nai izan ezkero, an zeudek lanaren zai legegizon aitagarriak. Ez gureen gisan apain eta soineko bereziz jantzirik. Langille itxurakoak; jantzi arratatuz. Ez diate ezetariko titulorik. Gai onetarako dauken zaletasuna dek eren laguntzarik onena.

       Ara daramaen arloa auzilariak azaldu orduko, epailariak berberton agertuko du bere epaia. Zuzena ala okerra? Eztakigu. Baña ara doazanak ez dute auzipe naasietan biurritu bearrik. Eta... ez da uskeria.

       Ez uste, gero, dana naasikeria dala Errusi-n. Ez uste mutil koskorrak ere nai duten eran lotsagabe ibilli litezkenik. Legeai bear dan begiramenik espa-diote; gaiztora zearo okerturik barrundatzen ba-ditue; lotsagabe ta biurri jokatzen ba dira, aztexe berezi batera eruaten ditue. An barruan izaera biurria erabarritzen ekin bear ortarako ipiñirik dauzkaten gizonak. Mutil basati oien joera leuntzen eta obetzen diarduen gizonak ba-dira an. Nork esango olakorik? Etxebarru orretako betebearretan, orraatik, al-danik askatuen uzten ditue gaztetxoak. Berenez zuzenera oitu ditezen, diotenez.

       Era guztitariko eskupekoak debekauta daude lurralde onetan. Alere, erbestekorik sakelerantz kiñuka oartzen ba-due (alboan ikuslerik barrundatzen ezdutela, beintzat), laster dituzu ondoan laban-laban esku-luzeka.

       Gu geunden jatetxetik irtetzean, nere emazteak —Garcia Sanchiz-ek dio—, bere eskarra jatetxeko andere nagosiari agertu nairik, urrin (perfume)-bonbillatxo bat eman zion. Emazteki aren poza! Aintzina andere aintzatua izana zirudin. Ezin zeikion, ba, neure emaztetxoak eskupeko gogokogorik eman. Boltxebitarrak agintzen duten ezkeroz, Errusi-n arkitu ezin liteken gauza da urriña. Ordañez nereari emateko ez eukan andere gaxo arek ezer. Bai bere tamala eskar onez agertu ere!

 

(AZKENA)

 

 

GOAZIK BASERRI-ALDERA

 

AMAIKA NEKEREN SEMEA DEK OGIA!

 

              1931-ngo «Kirikiño-saria»
              irabazi zun idazlana.

 

       Ara emen izper-arrantzun gizona, egunkaria buruzki ta belarri gañian luma gert-gert. Gaurkotasun urre-arriz bitxiztatuz, idazlanak josi bearra baitik izperkariak. Irakurlearen ao-sapaia ur-ur biurtzeko eztek baneatze oberik. Erabilliaren buruz barrengo mamia, mintza urraturik, xeeki mutxikatua izanik ere, azal-morkolak, beintzat, jakin-naia eztenka zirikatu bear dik. Aor idazlearen leen-lana.

       Berri agergarrietako baten billa, ernai zijoatzik begiak lerroetan barrena. Or zebiltzak egun oetan erri-agintariak aginte-aulkietara nor- leen igongo, besurde antzean alkarri muturkatuz, griñapean uxarrez iskanbilka. Ut, ut! Goazik aruntzago... A! Ba-dit oraingoan albista argiragarria!

       Ogiaren salneurria eraxteko ustean dizkigu ogigilleak. Ez al dek arrigarria auxe? jankai guziak gooraka zijoazen garaian, bei-okelak, txarrikiak eta ogia bat-baten jeisten asi zaizkiguk. Ai, ene, arakin eta ogikin biotzekuok; jarrai gelditzeke olaxen aldapa-beera irrixtadan. Ez, gero, uste etxekoandre zuurrentzat bakarrik dala atsegarri merkatze ori. Eztakizue, noski, zenbateraño eskartzen zaituegun gizonezkuok ere. Ez al-dituk, bada, emakumeak darabiltzien urre-txintxiñak leendik giza-sakeletik irtenak?

       Ogia dala-ta, oek burutazioak sortu zaizkidanak! An nauk, erbiaren gisan, or-emen ozka larre arin goxoan. Zegaz egiten dik okiñak ogia? Iriñaz. Alea egotzeko nun erosten dik errotariak garia? Nekazariengandik. Emen gaituk bada, nai gendun bidean, ogigiteak dakartzin lanetzaz jarduteko asmoz.

       Uri-gizon zenbaitek oberik-eztzat jotzen diate baserritarren biziera. Auzipe naasian bigurriki korapilloturik, nundik irtengo, Ariadna-ren ari-ertza billakatzen dun lege-gizonak; gaberdian gaxoentzat laguntza-eske dijoazkion osagilleak; eta diruetxeak dardar-ikaraz barrundatzen ditun dirudunak, nekazariaren bekaitza diate. Onek buru-austerik espa-lu bezela, kezka-gabeko atseden lasaia egozten ziote. Orati olerkariaren aldian ere, dionez, ala izan bear zin. Lotsa iretzat, gizadi arroxko orrentzat; atsegin-itzak ezpañetatik dirizkikala abil beti ta egundo zorionik iritxi ezin dekan, gizadi zoroa! Ames oikin zoraturik dabiltzanak etzekite ezer, orraatik, baserritarren bizitza latzaz. Berdiñekua det negutean uriko etxe-barruan berokiñaren babesean eskuak alkarri igortziz, epel-epel berriketan jardutea. Alere, goazik gaurkoz baserri-aldera.

       Mendi-gallurretatik amilduz, asiak dituk neguko elur-mallotak. Aize-burrunba otsa zebillek zirrituetan negar-karraxiz. Leiarretan txingor-ateak zirtaka. Eztek etxetik-at ibiltzen giro. Atsegarrigoa dek tellatupeko epeltasuna! Ara or egur-mokorrak suburni-gainean txinpart jarioka. Laratzetik zintzilizka zegokan pertzean ore-garda barbarka. Abereak ukullun, lurrun beroz bildurik, ausnarrean paketsu. Giro uke, su-baztarreko pago-pitzaki gainera ankak luzatuz, goza-goza egoten. Abereentzat jatekoa ekarri bearra zegok, ordea; beiak gose antxean bai-zeudek. Arbiondoak igitaiez txikituki aska-sabela bete daiegun. Berrrr...! An zijoak nekazaria, zakua burutik zintzilik, txingorpean arbi-billa zangoak lokatzetan plisti-plasta zipirztin zabalduz.

       Orzkarbi danean, berriz, a ze izoztea! Laiotz-aldeko errekondoetan ba-dek ontza beteko aintziarra. Garia ereiteko zeukagu oraindik; gaur ermo saiatu bearko. Lotsagarri uke, bestela, Gabonak irixtean garia erein gabe idukitzea. Goizeko ozkirrian dindirria sudurretik dariola, asi dek lanean nekazaria otzikaraz goldearen gain kakotuxe; bei uztartuei dariten lurrun-likak ondoa lerdakatuz zeramakik. Lur oek azpikoaz goratzen jarduna dek leen lai-zoia. Olar arroa aztarrika dabillenean olloak mokoka inguratzen dutenez, emakume-taldeak laiariak jasotako zotalak atxurrez xeatzen zizkien. Laiak eta goldeak iraulitako lurrak area-ortzak berditzen dizkite. Larrain-errayak idikita dauden ezkero, zabal dezagun gari-azia. Atera zorrotik alea ta astindu besoak. Eguerritatik asko urrindu gabe, buru meez irtengo dek sokor-artetik gari-landarea. Elurrak estaliko dizkik laster gari-soroak; baita maindira zuripe artatik landare ezea lodixeago jeiki ere.

       Martxoa irixtean, gari-jorran ekin bear. Lasto ederra zekarrek. Arri-erauntsiren bat edo ugolde ikaragarririk eztala, igita bikaña izango diagu. Tarteetan erne zaizkion olo ta belar-mordoxkak, zuazte ortik; gari saila orraztu dezagun. Kontuz ibilli bear, orraatik, jorraiaz triskantzarik ez egiteko. Eginbear arduratsu ontarako eztek aitona zaarra adiñakorik. Ez dik sail zabala aurreratuko; baña zeñek maitekigo, zeñek egokigo garia jorratu?

       Udaberria juna dek. Margo orixka ikusgarria zekarrek garisoroak. Aizeak eraginda galburu mardulak kulunkatzen diranian, astun itxura zeukae: ale maletsa dite, nunbait, bizar-azpian. Burua makurtzean, «artu iguzute alea» esanez dabiltzala zirudie. Igaz alako bi etxeratuko dizkigu aurten: eun iimi, bai. Eresarkiak izango dik lana iimi ta lakari gainetako tontorrak neurrikatzeko eraxten. Marandioko aletegian ainbeste toki izango ete-digu?

       Agor-illean gaituk. Au eguzkiaren kiskalbearra! Jo dezagun gari-lastoa zuztar-ondotik. Ekin ziote igitariek. Eguzki-izpiak jota, igitarien eskuetan igitaiak, dirdaiak ugari dariztelarik zebiltzak. Alboan neska gazte bi prest zeudek baba-beltz landarak zuztarretik indarka ateratzeko, igitarientzat esku-topo izan ez ditezen. An atzeragotik gizon-emakumeak, naasian, azaoketan ari dituk, gari-eskuteak lotuz. Aski luzatu gabe ikusiko dizkigu larrain-erdian azao-metak txigortzen burua lerden jasorik.

       Nork esan, zein latza dan gari-jotzea! Orain lan orretarako tresna bereziak ba-zeudek. Antzina arri txabalen gainean zartaka besoen indarrez galburuak lertu bearra izaten ukan. Bizkarrean-beera izerdiaz nasturik sartzen diran autsa ta galbizarrak kentzeko, soin osoa lexibatu bearko. Ezperen, nork burutu ark ematen dun egon-ezin zulagarriakin! Gari-ale oria gorde dezagun maiteki; urrea baitek ale au. Lastoa sapaira baztertu. Izango dek zeñi emana. Abereentzat jateko atsegiña dek; legor-xamarra ezpa-litz. Gau illunetan bideak argitzeko eztek, ordea, lasto-zuzien adiñako argiontzirik. Aize zakarraren burrundarak etzetik izaltzen, zuziak.

       Ara nun dijoan orain asto-zaia errotara-bidean zakua trukatzera. Alea zeramakik eta iriña etxerako dik. Errotariak trukatze orregatik laka azitxoa kendu arren, poz-pozik etxeratzen dituk nekazariak; iriñ orrekin, erdi-eauikirik, labean erretzen duten otasa gozoa bai-zaitek. Kaleko umeak ere atsegiñez noizpeinik ozkatzen diate baserriko opilla. Egunero jateko lakarra dek. Nekazariak naiago dizkiate urietako opil zuri biguñak etxeko ogi beltz zakarra baño. Artoatzaz zeresanik ez. Zer uste dezute, bada? Baseritarrak eztakiela Viena-ko opiltxo xamura obegotzat jotzen ala? Mutil-koskorrentzat, berriz, ogia egosteko gertutzen dan leami-orea bezelakorik bai al dek?

       Arrigarria, benetan, ogiaren jun-etorria. Alde guzietan nagusi sartzen dan janaria. Zurezko txabola narratxetik aberatsen etxe apainetara ta emendik erregeen jauregietara. Danak moxuka ta laztanka maitemiñez darabilkien maitale bakana zirudik. Beinere ezetzik esaten eztun maitalia, gainera. Usurbil-ko angulatxoak lurrezko ontzitxoan pilpilka baneatzen ikusita, nork opil-muinaren zatitxo zuriari ankerrez uko-egin? Bustialdi zerutarra...!

       Orain ogiaren salneurria merkatzean, aberatsai ojola aundirik etzaiek izango. Txiroak, bai, igarriko ziote. Gari-biltzalleai neurri-beeratze ori etzekiat alaigarri izango zaiten, orraatik.

 

(AMAYA)

 

 

SILVIO PELLICO-REN BIOZKADAK

 

 

I

OÑAZEAN ZUTITASUN EDERRA!

 

       Solera-tik irten baño len, Maroncelli gizajoari barren-zaldar ikaragarri bat jayo zitzayon ezkerreko belaunburuan. Aurrenetik etzan jasan-eziñekoa oñazea; errenga ibili bearra bakarrik. Gerora, ordea, ezin erabilli ara ta ona burdiñezko lotukiak. Noizbeinik bakarrik irtetzen zan egurastera. Udazkeneko goiz batean nirekin atera nai izan zun. Edurrak zurizkatzen zitun bazterrak. Zorigaitzez besotik e'neramakin une batean, estapurut egiñik, ustegabean lurra jo zun. Tankatekoak biziki zitaldu zion belauneko miña. Zutik irauteko kemenik gabe lotu zan gajoa ta lasterka oeratu gendun. Gaitzaren gaiztotasuna oartzean, lotukiak kentzeko agindu zun osalariak. Arrezkero, egunetik-egunera gaiztotuz zijoan aunditasuna. Itxura erdiragarria, agian, belaunarena. Geroago ta oñazeak ziran zorrotzago.

       Etzeukan atsedenik ez ogean eta ez ogetik-at. Jeikitzeko edo ta ogean etzuteko igitu bearrean, artzen nion nik berna esku bigunez eta era berean zaindurik erabilli ta gogoko erara jarri. Aldaketa oek, orratio, bein baño geyagotan larrialdi illuna sorterazi zioten.

       Osagai guzietara jo zun osalariak. Izañak; erre-gayak; txatar busti ta legorrak. Etzan bigundu gaitza. Okerreragotu baizik. Naigabea bizitu. Erre ondoren, zornea zerion. Zauri beltz utsa biurtu zan aunditasun izugarria.

       Ni baño askozaz ere atsekabeagoa ta erukarriagoa zan Maroncelli. Ala ere, nork agertu noragiñokoa zan nire biozmiña! Adiskide maitearen ondoan, atsegarri zitzaidan gaxoa zaitzea. Argizaria sutan urtzen dan bezain lasterrean zijoan itzalduz bizitza ua. Oñaze-azpian biotz-urratuz oartu gizajoa ta adiskide onaren osasun-biderako ezin ezer egin. Jakin nik belaun ua etzala iñoiz sendatuko; ikusi errukarria eriotzaren zai buru-makur...; eta ezin ezer. Bere adorea ta gogo-zutitasuna ixillean aintzatu besterik ezin. Oi! Oldozkun oek nola erdibikatzen ziaten naigabe-miñez biotza!

 

* * *

 

       Zorigaitz ikaragarri oen pean ikusi izan ba-zenduten nere lagun ona bertsoak kantatuz, berritsu antzean itzegiñez...? Bere miñak neri izkutatu nairik zitun zinestu ezin leizken jolasak. Ordurako etziozkan urdallak bear bezela janariak urtzen; ezin zezakian lorik; eta argaltasunak eta indargetasunak zearo lurreratu zun. Noizpenka, ordea, barrengo adoreak arpegia bizikatzen zion eta ara ordun gajoa ni poztu ta argitu nairik.

       Eztira ager-errazak bederatzi illabeteen luzeran jasan bear izan zitun oñazeak. Azkenik osalariak epai-batzarrean batu ziran. Iritxi zan osalari-burua. Gaxoa astiro aztertu ondoren, besteak esana ontzat emanik atera zan. Bere iritzirik ez agertu nai. Ez esan nai gaitzak etzuala osabiderik.

       Geroxeago agertu zan espetxeko agintari nagosia ta, Maroncelli-rengana zuzenduz, onela mintzatu zan:

       —Osalari gurena ez da ausartu zure aurrean bere epaya azaltzen. Bearkizun anker bat entzuteko indarrik izango ez ote-zendun bildur baizan. Adorea ba-dezula erantzun diot nik.

       Maroncelli-k jaulki zun: —Onenbesteko oiñaze zulagarrien pean intxiritxo bat aotik atera gabe irautean, nere zutitasunaren naiko berri ba-dezakezutela deritzait. Osalariak agertu dun epaya...?

       —Bai, jauna, bai; ebakuntza. Ordea, zure indargetasuna oarturik, ezin ausartu. Zauden argaltasunean, jasango al-zenduke izterraren ebakitzea? Antola ondo buruzkatzen dezun galbidea.

       —Zer? Eriotza? Nola nai dan dala, zulakatzen nauten iltze zorrotz oen zulatua atertzen eztalarik, ez al-datorkit aurki eriotza?

       —Ala ba-derizkiozu, bereala gaztigatuko det Viena-ra zure naya. Betorkigula lenbailen ebakuntzarako baimena.

       —A! Beraz, ortarako ere baimen berezi baten bearra al-degu?

       —Bai, jauna.

       Zortzi egunen buruan eldu zitzaigun baimena. Areto zabalagora aldatu zuten gaxoa ta ni berakin batean juateko baimena eskatu zun. Nigana alderatuz jardetsi ere: —Ebakuntza bitartean il nindeke eta gitxienez nai nukeana da nere adiskide zoliaren besoetan azken-arnasa itzaltzea.

       Utzi ziaten sarbidea. Wrba, apaizak, eman ziozkan ikurtonak. Artean etziran iritxi ebalariak eta zai egon bear. Une larri artan olerki eder bat asmatuz eta oguziz eman zun astia Maroncelli-k. Ara emen olerki polita:

       «Noraño zuazte, Italia-ko aizetxo biguñak? Ez al-dezute egundo espetxeratu errukarriaren bekokia laztandu bear? Zenbat aldiz nabillen ni orrillari ta lorillari deika! Joanak dituk, ordea; eta etzekarkioe lotuari azkatasunik. Itunduz zoak Moravia-ko zerupean izadia. Eta ara ni, zorigaitzaren azpian, zinkurinka etengabe. Anbat uke aurki ba-letor egunsentiaren argiurratzea. Ordun nire senideak eta amak esku zoliz osatuko liatezkek zauriak. Laño-artetik len zetorkidan argi-txirrista, orra orain, zearo etena eta arresitu errukarria itxaropenaren izpirik gabe!»

       Eldu ziran noizpatean ebakitzalleak. Bi ziran. Etxekoa bat. Bizargiña. Ebaguntzaren baten bearrean, lenengoko eskubidea zeukana. Etzion iñori uzten zeregin ori. Viena-ko ikastetxeko ikasle gazte bat zan bestea. Ordurako aipatua. Jaurleak bialdua. Onek egin naiko zun ebaguntza. Ala ere besteak egianaren ikusle lotu bear izan zun.

       Oe-barrenetik bernak zintzilik zituala jarri zuten gaxoa. Nere besoetan eutsiz nedukala. Aiztoaren ibil-bidea ari-bilduz egin zioten belauna baño goraxeago. Asi zun lana ebakitzalleak. Lenengoz beatzaren sakoneragiñoko ebagia bira osoan. Alderatu zun alboetarantz azala ta zain tartean aiztoa barruratuz jarrai. Borborrean zerion odola. Ezurra zerratu zioten, azkenik.

       Bere berna gaiztuna zeramakitela barrundatu arte, etzuan tautik esan Maroncelli-k. Berna illari begiratu errukiora bialduz, ebalariagana zuzendu zan: —Arerio gaizto bategandik aldendu nazu ta eztakit nola ordaindu zure egite on-ona.

       Leyoan larrosa eder bat ageri zan ontzitxoan. Eta neri: —Ekaidazu, arren, larrosa ori.

       Eraman nion eta ebalariari eskeñiz esan zion: —Nere eskarraren adibidetzat ez daukat auxe besterik. Torizu arren.

       Artu zun onek larrosa. Baita malkoak, eutsi-eziñez, oparo ixuri ere.

 

 

II

BIOTZAREN URREA!

 

       Nere egurastoki polittaren ondoan bizi zan espetxeko agintari-burua. Aurrez-aurre, berriz, gudarien buruzagi bat. Ayen bizitokietatik norbait atera orduko, aringa aulkitik zutiturik, urreratzen nintzan. Maite-itzen egarri izan. Erruki-tantak milikatu nai gogoak. Biotza gozatzen bai-ziaten itz bigunak.

       Agintari burukoaren emaztea barrengo gaitzak joa zebillen aintzinatik. Egunetik egunera argizaria bezela urtuz zijoan gaxoa. Gurpildun esku-oe batean ateratzen zuten noiz-edo-bein. Nere bizitza urratuari gengozkion geyenean. Berdingabeko zorigaiztoatzaz mintzatzean, negarrari ekiten zion. Errukiak biotza ukitzen. Izakera zolia zan emakume arena. Begi beltz gozo ikaratiak zitun. Usakumearen gisan bildurrikarak bigunki atzemana. Ala-ta-ere ba-zekin, itzegitean, goiko soin-erdia oetik niganatuz, biziki mintzatzen.

       Bein batean esan nion: —Zure arpegi ori ikustean, nere aldi bateko laguntxo zoragarri bat datorkit gogora. Biozki maitatu nuana.

       Urresagarraren gorriz sutu zizaizkon matrail zurbillak. Samurki ta bear bezelako itzalez erantzun zidan: —Laster obiratuko naute. Ez bedi atertu an zure niganako oroitzapena. Egingo al-dezu nizaz otoi ta, batez ere, emen utzi bear ditudan aingerutxo-oetzaz?

       Etzan arrezkero irten emakume gaxoa. Gaitzak zearo gainditu zun ordurako. Illabete batzuen luzeran erdi-itzaliz ibilli ondoren, oro itzali zan aren bizitz-argia. Etzan geyago agertu nere agurastaldietara. Jaungoikoarengan beza betiko atsedena.

       Iru aurtxo utzi zitun Cupido-ren antzekoak irurak. Bularrekoa oraindio laugarena. Il baño len alkarrekin mintzatuz geundela, aurtxoak urreratzean, maiteki besarkatzen zitun eta nereganatuz esan ere: —Nor izango ote-dute errukarri oek amazurtz? Urrikal bedi Jaungoikoa. Amaren biotz samurra izan ez arren, sabel biguna beza beintzat ume gaxoentzat. Zaintzalle ernea bedi, beintzat.

       Malko-zidarrak dizdazatzen ziozkan bigi-niniak olakoetan andere doakabeari.

       Ama galdu zuten ezkeroz, sarritan jolasten ziran umetxoak nerekin. Beso-artean estutzen nitun maiz eta baita amagandik ikasitako otoya esan-arazi ere. Ontan, ordea, nere gogoetak ustegabean urrin egatzen ziran. Nere amarengana. Goraintzi paregabea! Zenbat aldiz otoya nitzaz zeruratzen ote-zun! Ara nola margozten zidan irudipenak aren irudia. Eskuak alkarri egotziz Goikoari zotiñez arrenga: «Aurtxoak txikitandik galtzen ditun ama baño ere errukarriagoa naiz ni, semeak azi ta azkenik besoetatik indarka aldendu diozkaten ama!»

       Amonatxo bi izan zituen umeak amaren ordeko. Agintari nagusiaren ama bat. Aren izekoa bestea. Nere bizitzaren berri jakin nai ta edestu niezten gorabera illunak. Ainbeste zorigaitzen aurrean bularra joaz zioten: —Au gure zori zitala! Al gendukean guzia egin nai zure alde ta ezer ezin egin. Jakizu, ordea. Arresi oen tartetik irtetzen zeran egunean, gure biotza ere pozaren pozaz gañeztuko da.

       Lenengoz aitatu dedana nuan geyenean lagun. Gogoa zutiarazteko lako itzak ixurtzen zizkidan gogora zoliki. Etzien seme batek nik baño itzal andiagoaz entzungo. Biotzean josita lotzen zitzaizkidan aren esanak.

       Etziran, ez, iñoiz entzungabeak zesaizkidanak. Ez ninduen aspertzen ala ere. Ez, ez. Alaxen dijoakio Mayatzean lurrari intz xea. Ez duala zorigaitzak gizona dollorkatzen. Goratu bai; aintzatu bai; saindutu bai. Ai, Jaungoikoaren epai ezkutura iritxi al-ba-gindezke. Amaika bider ikusiko giñuzke eukitsuak eta aberatsak eta garaitzalleak, beste errukarri ta azpiratu zenbait baño berago ta zokondoago. Oñazearen eta zorigaitzaren laguntzalle degu beti Jaungoikoa. Kurutzearen azpian gizonkiro irautea da gizonarentzat aintzarik gorengoena. Galtzairua sutegian bezala, barriztatzen du miñak giza-biotza. Ayek ziran esanak amonatxo baten aorako!

 

* * *

 

       Orgatilletik arrastaka nerabiltzkin burdin-kateak, biziki minberatzen zidaten oin-gaña. Ugeldu beltza atera zidaten bira osoan. Loa kentzen zidan miñak. Osasunaren kaltezko. Schiller-ek birritan esan zidan agintari-buruari adierazteko lotuki aren bidegabekeria. Osalariaren betebearra zala ua kentzea.

       Ez nion lenengoz jaramonik egin. Gerora, ordea, miñak bearturik erakutsi nion osalariari nere oñeko zauria. Itxaro e'nuana erantzun zidan. Etzala artean nere osasuna ainbesteragiño auldu. E'neukala katea erabiltzea beste biderik.

       Erantzun onek gogo-barrena bai sutu. Baita esana damutu ere. Eta aserrearen esia zearo askatuz, Schiller-i jaulki nion: «Ara zer gertatu zaidan zure esanera ibiltzeagatik».

       Itz oek latzki jaurti nitun aotik. Schiller ere, ordea, lazkar utsa zan izatez eta kolko-barrengo zirimola laster atera zun. Onelan jaulki zidan berea: «Etzaizu, beraz, atsegin zure eskaria ezeztutzea, maite? Ezta neri ere iñoren arrokeriak eta lazkeriak jasatea».

       Eta giltzakaz burdin-ots ikaragarria egiñaz urrindu zan. Erdi-zoraturik utzi nindun. Bereala asi zan gogoa mintzo ixillez gogora: Gizonaren azal latzaren azpian ez al-da urrea ageri? Egi utsa jaulki didana. Zenbat bider amorrazioaren suak garabiltzianian, gogoaren indarra somatu genduana, ez da zitalkeri utsa besterik. Jatordukoan Kunda-k ekarri zizkidan janariak. Schiller, oi ez bezala, ate-ondoan tinkatu zan. Deitu nion. Eztaukat orain betarik —erantzun zidan itz legorrez.

       Jauzi ikaragarri batez, basakatuaren gisan, jarki nitzan aulkitik. Arengana urreratuz didarkatu neutson:

       —Nik ezer jatea nai ba-dezu, kendu egizu bekañeko zimur ori.

       —Nolako arpegia jarri bear dizut, bada? —erantzunez bekokia zerbait leundu zun.

       —Gizon on baten arpegia; adiskide baten tankera.

       —Tira, ba, tira. Jatorduak zuri on-egiteko, dantzan egin bear dedala ba-derizkiozu, oraintxe nozu dantzan.

       Esan eta egin. Zango luzeak gerriragiño jasoaz asi zan parrezka dantzatzen. Irri-karkara ugaldeka ixuri zan batbatean nere kolko-barrendik.

 

(AZKENA)